Helikopteroz ekarri dute eta Zuberoan gaindiko mendietan askatu, Biarnoko muga-juntan. Jean Lassalle diputatu biarnesak hartzaren aurka egiteko prest dagoela adierazi du, baita preso joateko prest dagoela adierazi ere.
Azken berrien arabera, Frantziak bi hartz askatzeko asmoa zuen mendebaldeko Pirinioetan. Nafarroako Gobernuak artzain eta abeltzainentzat izan zitzakeen ondorioez kezka agertu du. Halaber, “informazio eskasa” salatu du.
Frantziako Ur eta Biodibertsitate zuzendari Thierry Vatin-ek iragarri zuen iragan astean hartza askatzearen ekimena, baita erabaki irmoa zela adierazi ere. Hitza bete du. Alta, bi hartz ezean, bat ekarri dute helikopteroz.
Helikopteroa Santa Grazi eta Larraine artean ikusi zuten tokiko herritarrek. Herri bi hauetan hartzaren ekartzearen aurkako mobilizazioak egin dituzte udaldian. Hartza Zuberoan eta Biarnoko bortuetan gaindi dabil engoitik.
Abeltzaintza sektorea eta tokian tokiko hautetsi anitz neurri horren kontra daude. Biarnoko Urdioz-Itzera auzapez eta diputatu Jean Lassallek bere ohiko jaiduran, “hartza ezartzearen kontra eginen dut, baita presondegira joan behar badut ere”, adierazi du.
Hartza Esloveniatik ekarri dute, eta Ekologia Trantsizioko ministro François de Rugbyk esan duenez, laster ekarriko dute bigarrena.