argia.eus
INPRIMATU
Hartu eta eman: Errigoraren udazkeneko kanpaina abian da
  • Errigora herri ekimenaren Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina martxan da. Nafarroa hegoaldeko produktuen saskia eskuratzeko eskaria azaroaren 8a baino lehen egin behar da.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 22a
Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuten Errigorako kideek Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina.

Hartu eta emaneko egitasmoa aurkeztu du Errigorak. Auzolanaren bidez bertako kalitateko produktuak eskainiz, trukean erosleak euskara diruz laguntzen du. Errigora ekimenak Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin, Zazpiak Batekin eta Sortzenekin elkarlanean abiatutako kanpaina da. Aurten  jasotakoaren %25a Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenera, Erriberako AEKra eta D eredua Nafarroa osora hedatzeko ekimenetara bideratuko dute.

50 euroko prezioa du Nafarroa Hegoaldeko produktuen saskiak. Ardo beltz botila, olio birjina estra litro erdiko botila, melokotoia almibarrean, orburuak, potxak, kardua, mahats zukua, almendrak, pikillo piper ontzi txiki eta handia, zainzuriak eta marmeladaz osatuta dago saskia. Produktu guztiak tokian tokiko ekoizleenak dira. Aurten gainera bost ekoizle gehiago daude, eta beraz 15 izango dira euren produktuak eskainiko dituztenak.

Euskal Herriko hainbat txokotan jaso ahalko da saskia eskaria eginez webgunean eta horretarako eskuragai dauden esku-orrien bidez. Eskaria egin ostean, saskien banaketa azaroaren 16 eta 29 artean egingo dute, eta ordainketa abenduko lehen astean.