argia.eus
INPRIMATU
“Harro” egoteko ibilbidea eta datuak erakutsita, kanpaina abiatu du Errigorak
  • Gure hautuez harro lelopean, kanpaina abiatu du beste behin Errigorak, Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora eramateko. Eskaerak martxoaren 12ra arte egin ahal izango dira, produktuak "euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan" eskuratzeko.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 27a
Seguran aurkeztu dute kanpaina, olio dastaketa eta guzti (arg: Errigora)

Errigoraren urteroko kanpaina abian da ostegunaz geroztik, Nafarroa hegoaldean lehen sektorea eta euskararen erabilera uztartzeko ekimena. Segurako Elorri elkartean aurkeztu dute, Iker Martinez Kuko jatetxeko sukaldariaren eskutik olio-dastaketa eta guzti. Izan ere, oliba-olio birjin estra da Euskal Herri osora zabalduko den produktu izarretako bat; Errigoran parte hartzen duten hamasei ekoizleetatik bost olio-errotak dira. Horrez gain, arroz, pasta eta kontserba sortak ere banatzen dituzte.

"Arduraz ekoizten dena arduraz elkartrukatu eta arduraz kontsumitzeko saiakera" da Errigorak egiten duena, auzolanean, ehun herri ingurutako boluntarioen bidez. Azaldu dutenez, urtez urte kontsumitzaile kopurua handituz doa, 2014an hasi zirenean 1.500 familiak parte hartzen zuen ekimenean, bada sei urte geroago 6.500 dira.

Aukeratu duten leloari jarraiki, harrokeriarik gabe, baina "apaltasunez harro" daudela azaldu du Errigorako Ibai Sueskunek: "Azken finean, harro gaude gure hautuek bestelako eredua bultzatzen dutelako. Bestela ekoizteko, bestela kontsumituz". Errigorraren lan garrantzitsuenetako bat Nafarroa hegoaldeko nekazari, elaboratzaile eta kontsumitzaleen artean "zubiak eraikitzea" izan dela ere azpimarratu dute.

Produktu guztiak euskarazko etiketekin eta ekoizlearen jatorrizko prezioan jaso ahal izango dira. Eskerak online bidez ere egin daitezke webgunean.