Fitxa: “Tristan und Isolde”, Wagner. Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Miguel Ángel Gómez Martínez. Bilboko Operako Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin. Eszenako zuzendaria: Pierluigi Pier’Alli. Protagonistak: Torsten Kerl (tenorea), Jennifer Wilson (sopranoa). Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Data: Urriaren 22a.
Ez dugu sarritan edukitzen holako aukera bat Wagnerren opera sendo hauetako batez disfrutatzeko. Beraz, aukera dagoenean, pena ematen du kritika zorrotza egiteak. Nahiz eta maila goreneko aktuazioa ez izan, benetako gozamena da konpositore alemaniarraren soinu mundu inguratzaile eta boteretsu horretan sartzea. Luzeak dira haren operak, bai, baina musikak eramaten zaitu eta, amets batean bezala, denbora gutxikoa izan dela dirudi.
Tristan und Isolde opera sendo eta nolabait astuna da. Ez dago ia akziorik. Ia-ia lau ordu eta erdi irauten duen obran zehar pertsonaiek behin eta berriro azaltzen dituzte beren sentimenduak. Musika berak badu kutsu obsesibo bat. Baina, horrexegatik, entzulea sorgindu egiten da giro horretan. Eta sorginkeria zoragarria izan daiteke, edo, kontrakoa, aspergarria. Kasu honetan OLBEk ekarritako produkzioa ez zitzaigun egin ez zoragarria, ez aspergarria. Esaten den bezala aurea mediocritas horretan mugitu zen uneoro.
Ahots arloan denetatik egon zen. Jennifer Wilson soprano estatubatuarrak ongi bete zuen bere papera. Ahots zinez boteretsua du, oso egokia pertsonaia wagnertarrak egiteko. Horrez gain, nahiz eta oso fisiko erakargarria ez izan, interpretazioa sinesgarria egin zuen, oso. Torsten Kerl tenorra, baina, ez zen iritsi haren mailara, zoritxarrez. Ahots ahula du Kerl jaunak Tristan komentzigarria egiteko. Halere, hor zeuden Anal Held baritonoa, mundiala Kurwenalen rolean, eta Matthew Best, Marke erregearen pertsonaia egiten zuena, ahots sendokoa baita ere. Bestalde, Elena Zhidkova mezzoa primeran aritu zen Brangäneren paperean, oso seguru, bai afinazioan, bai emisioan.
Alde eszenikoa elegantea izan zen, hori bai. Soi-soila, baina efektuduna. Baliabide holografikoen bidez, lehenengo ekitaldiko itsasontzia, bigarren ekitaldiko jardina eta hirugarreneko Kareol irudikatzen dira irudi onirikoak izango balira bezala. Inpaktantea.
Eta, azkenik, Bilboko Orkestra Sinfonikoak ahal zuena egin zuen. Miguel Ángel Gómez Martínez zuzendariak bere onena eman zuen. Momentu finak lortu zituen baina, orokorrean, doitasun-eza nabaria izan zen.