argia.eus
INPRIMATU
Donostiako belodromoaren arkupean “hesi lotsagarriak” jarri izana salatu du Harrera Sareak
  • Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez dezaten: "Monumentuetako zoko-mokoetan bizitzea eragozteko jartzen diren pintxoak gogorarazten dizkit".

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko apirilaren 11
Belodromoaren arkupean ipinitako hesiak. Argazkia: Donostiako harrera sarea

Donostian kalteberatasun egoeran dauden migratzaileak laguntzen dituen sareak adierazi duenez, halako jokabide eta jarrerak “AEBko hegoaldeko mugan dagoen Trump jaunaren lotsaren harresia” ekartzen dute gogora. Salatu dute, halaber, Donostiako udalak mugak jartzen jarraitzen duela, udal agintariek “Donostia hiri irekia dela” baieztatzen duten bitartean. Gauzak horrela, “hesi lotsagarriak” kentzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari:  “Jarri ezazu behar den aurrekontua, ez dadin egon inor lurrean lo egiten. Pertsonak dira eta ez usoak”.