argia.eus
INPRIMATU
Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria
Inaxio Mendizabal Arrese 2025eko otsailaren 14a
Jose Luis Zumetaren margolana.

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten gabezia, zailtasun eta eragozpenetan lagungarri suertatzeko asmoz sortu zela Harrera elkartea.

Elkarte horren egitekoak dira, besteren artean: kartzelako atetik ateratzen diren momentutik, edo erbestetik eta deportazio lekuetatik itzultzen diren une beretik hasita, beraiekin zuzeneko harremanetan jartzea; nortasun agiriak, gidabaimenak eta... administrazioarekin eguneratu beharreko tramiteak burutzen laguntzea; urte luzetako arreta ezaz osasun zerbitzu premiak bizkor bideratzea; bizitokirik daukan, bizimodua berregiteko lan-munduan sartzeko zein gaitasun lituzkeen eta egunean egungo gastu minimoei aurre egiteko baliabiderik daukan ezagutzea, ahalik eta bizkorren laguntza horiek haren eskura jarri ahal izateko.

Premiak zenbaterainokoak diren jakiteko ez daukagu ariketa handiegirik egin beharrik. Aski dugu konturatzea hogei urtez goitik daramatzatela kartzela pairatzen jarraitzen duten gehienek, beren familietatik, lagunetatik eta beraien herrietatik urrunduta. 30 urte beteak dituztenak dira asko, eta bada 35 daramatzanik ere. Horrenbeste urte kartzelan bizi behar izan duenak (eta ez dugu hemen aipatuko zein egoera ankerretan eduki dituzten asko eta asko luzaz), ezarri zitzaion zigorra edo kondena beteta ateratzen denean, bukatzen ez eta aipatzen ere ez den bigarren kondena bat betetzeari heldu behar izaten dio. Bizitzaren etapa bakoitzari dagozkion trenek (batek baino gehiagok segur aski) alde egin baitiote: jubilaziorako urte horietan guztietan ezin kotizatu ahal izanaren ondorioa, adibide soil bat da; kalean zegoela bere familiak zuen egitura aldatua duke ziurrenik; bere lagunak eta ezagunak, bikotetan biziz eta seme-alabak hezten edo zaintza lanetan okupatuta izango ditu, ziurrenik; estudiante garaian eroria ez bada, berak lan egiten zuen enpresa agian ez dago; edo berak egiten zuen lan mota zeharo aldatua da.

Non aurki dezake bizitza normalizatu bateranzko kokapena?

Pentsatzen hasi besterik ez dago, batez besteko adina kontutan izanda, bizitzaren beharrizanei ekonomikoki irtenbidea beren kabuz emateko aukerak galduta aterako direla ikusteko; eta, beraz, albokoen laguntza derrigorrezkoa izango dutenez, izugarrizko premia larriko erronka baten aurrean gaudela jabetzeko.

Artisten laguntzaz Euskal Herriaren loraldia bizi izan genuen bezala, oraingoan ere, beraien bultzadaz baliaturik, elkarrekin segi dezagula bidea egiten euskal preso politiko, erbesteratu eta deportatuei behar duten babesa emanez

Banakoek, elkarteek, enpresek eta instituzioek borondatez egiten dituzten kuota ekarpenekin ari da Harrera elkartea premiarik larrienei erantzuten. Baina premiak asko handitu dira eta handitzera joko dutela aurreikusten da, kartzelak hustu ahala preso ohi kopuruak gora egiten baitu, eta berdin erbesteratuak eta deportatuak etxeratzean.

Gatazken konponbiderako bitartekaritzan munduan barrena dabiltzan adituek diotenez, gatazka politikoaren ondorioak ere konpondu egin behar dira, justizian oinarritzen den egiazko elkarbizitzaren aldeko apustua egiten bada, bederen. Bistan denez, aipatu premia horiek eskubide gisa onartuak izan eta dekretuz ordainduak izateko konpromisora ez gara oraino iritsi.

Borondatez erantzuten jarraitu beharko da oraindik, orduan. Eta horregatik Harrera elkarteak kanpaina potente bati hasiera eman dio, borondatezko ekarpenak egingo lituzketenen kopurua handitzera jotzeko. Euskal eskultore eta margolari ospetsuek ere parte hartu dute kanpaina honetan, beren artelanak dohaintzan eskainita. Honatx kanpainarekin solidario egin diren artistak: Juan Gorriti, Dora Salazar, Irantzu Lekue, Eider Eibar, Gonzalo Etxebarria eta Jose Luis Zumeta (azken hori 2020ko apirilean zorigaiztoko pandemia madarikatuak eramana). Artelan horiez edertutako kaxa txikiak salgai ipini dituzte oso prezio apalean. Aukera bikaina daukagu, beraz, oraingoan, bakoitzak genezakeen neurrian ekarpentxoa eginez Harreran harpidetu eta, aldi berean, euskal artisten artelan horiez serigrafiatutako kaxa txikiak erosiz euskal artista handi horien lanez gozatzeko.

Ederrak dira, bai, jaso diren artisten lanak. Bakoitzak bere estilotik gai edo motibo honekiko sentitu eta ikusten duena adierazten bide dute. Niri Zumetak egindakoak, bereziki, atentzioa eman dit eta horri erreparatu diot. Begira jarri eta… motibo honetarako ezin aproposagoa dela ikusi dut derrepente. Txundigarria da hor ikus daitekeena eta saiatuko naiz labur-labur nire irakurketa zuenganatzen.

Bi zatitan banatuko dut irudi osoa. Erdiz behera bata, eta erdiz gora bestea.

Erdiz beherako aldean

Eskubitara: 1936ko gerra ondoren Euskal Herriak bizi zuen kanposantuko bakea adieraziko luke. Argirik gabea. Dena ilun eta hila. Zama handiko puntu beltzak, sarraskien lekuko.

Erdi pareko irudian: gazteria zutituta ikus daiteke, lurrari ondo atxikia, begiak zabal-zabalik, hortzak estututa eta kuraiez (odol koloreaz, gorriz) jantzirik.

Ezker aldera: gazteriaren jardun horrek herriari argia ematen dio eta itxaropena dakar (kolore berde-argiz adierazia). Eta hor, itxaropenaren atal hori zipriztintzen duten puntu beltz horiek, gazteriaren jardunean gertatu diren ondorio mingarriak lirateke.

Goiko aldean, berriz

Eskumatik: zatirik handiena hartzen du kolore gorriak. Askatasunaren alde borrokatzeko kontzientzia herritar gehiagorengan txertatu baita dagoeneko, eta emaitzak ere hasiak dira herrian formak hartzen. Zuhaitzaren antzeko zerbait ageri da, Gernikako arbola izan daitekeena. Sustraiak lurrean sano agertzen zaizkio eta lurralde osoa bere baitan biltzeko saiakeran ari dela azaldu nahiko luke, ikurrinaren kolorez. Feminismoak dakarren ekarpena ere aintzat hartzen du, bere kolorea sustraietaraino eramanez. Baina eszena edo agertoki horretan ezker alderago ikusten den ezkurraren antzeko irudi horretan, ondo erreparatzen badiogu, bere bizia herriaren alde debalde eman duenaren eta zapaltzaileen atzaparretan erori denaren irudia datorkigu burura. Urte luzetan sufritu besterik egiterik izan ez duenaren patua. Noizbait erbestea edo kartzela utzi eta herrira itzultzeko desioz dagoenaren sakoneko egoera lazgarria. Horregatik kolorea ilundu egiten da hor, eta kapsularen barruan bezala agertzen da. Herriarentzat bizi izan dena eta Herriagatik sufritu behar izan duenari Herrian bizi ez izanak bakardadea sentiarazten baitio. Eta noski, ez dago beretzat ezer eskatzen ohitua eta ez du ezer eskatuko. Baina denaren beharrean dago!

Eta koadro horri erantzutera dator Harrera!!

Ikus dezakezuenez, daukagun panorama ezin hobeto irudikatua geratzen da izaera sentibera eta begi zorrotzeko Zumetaren obra honetan. Horregatik, nahiz eta jakitun marrazki bat interpretatzeko orduan, marrazkiaren bidez, marrazkia bera baino bat bederaren historia gehiago adierazten dela, esan genezake artelan hau Harrera elkartearen premia aurreikusiz egin zuela Zumetak. Berari “zer esan nahi duk marrazki honekin?” galdetzeko aukerarik bagenu, “herorrek ikusten dekana”, erantzungo liguke. Eta zerbait gehiago behartuz berriro galdetuko bagenio berriz, ohiko zuen umiltasunarekin, “horrekin adierazi nahi dudana esateko gai banintz ez nikaken marraztuko” erantzungo liguke. Sorkuntza askea zuen maite eta ez zen inori pentsamendua mugatu zale.

Hori guztia esanik, Harrera elkarteari behar besteko laguntza eta babesa ematea besterik ez zaigu geratzen. Adi, beraz, hemendik aurrera herriz herri jarriko diren salmenta puntuei, artelanez josiriko kaxatxoak eskuratzeko eta bereziki bazkidetzarako izen-emateak egiteko.

Kanpaina bero mantentze aldera gustatuko litzaidake solidario diren beste artisten artelanei buruzko irakurketa ere irudimenezko begirada bota eta gu guztiokin partekatzera beste norbait anima baledi.

Lehenago, 1960ko hamarkadan, artisten laguntzaz Euskal Herriaren loraldia bizi izan genuen bezala, oraingoan ere, beraien bultzadaz baliaturik, elkarrekin segi dezagula bidea egiten euskal preso politiko, erbesteratu eta deportatuei behar duten babesa emanez, Euskal Herriaren eta euskal herritarron mesedetan, mundu berria amets.

Gora Harrera!!
Gora Herria!!
Gora Euskal Herri askea!!

Inaxio Mendizabal Arrese