Hirugarren urtez Baionako katedraleko klaustroa Maritzuli dantza konpainiako jantziez bete da. Aurtengo erakusketa bereziki Baionako hiriarentzat ekoitzia eta sortua izan da, Baionako harrera-dantzetako jantziak erakusten dituzten lau dantzari segiden jantziak ipini baitituzte erakusgai.
Euskal herriko Jantziak eta Dantzaz Ele erakusketen ondoren aurten Hiri Sartzea estreinatu dute. Abuztuaren 24an ireki zituen ateak erakusketak, eta irailaren 14ra arte dago bisitatzeko aukera.
Baionako harrera-dantzen historia jantziz eta josiz
110 piezaz osatutako erakusketa prestatu du Maritzuli dantza konpainiak. Erakusketako jantzien bi herenak azken urtebetean egin dituzte. Claude Iruretagoiena eta Jon Olazkuagaren gidaritzapean 15-20 lagun aritu dira joskintza lanetan.
Baionako hirian XVI. mendetik aurrerako festetan paper garrantzitsua izan zutela dantzek azaldu digu Maritzuliko Jon Olazkuagak. Kapotik zetozen gonbidatuei harrera dantzen bidez egin izan zaie, dantzariak hiriaren nortasunaren erakusgarri izan ohi ziren eta erakusketan festa horietako segizioetako dantzarien jantziak bildu dituzte.
Katedralean lau dantzari segiden jantziak topatuko ditu bisitariak: XIX. mendetik gaur arte bizirik dirauten Uztaritzeko kaskarotak, XVIII. Pamperruqe karrika-dantza, XVI. mendeko aipu batetik ateratako dantzarien interpretazio bat eta azken hamarkadan sortu berri den Miarritzeko ezpata-dantza.
Baionako nortasuna eraiki duten festen eta dantzen historia kontatu nahi du Maritzulik. Jantziak erabili dituzte nagusiki horretarako, baina testu lagungarriak ere prestatu dituzte. Hiru hizkuntzatan dago informazioa, euskaraz, gaskoiez eta frantsesez.