Daniel Hernández Pons polizia infiltratuak Bartzelonako hainbat proiektu politikotan kide diren emakumeekin mantendu zituen sexu harremanak. Horri esker espazio batzuetarako sarbidea lortu eta eraikitzen ari zen pertsonaiari sinesgarritasuna eman zion, Directa-k argitaratu duenez. Hainbat emakumek bizi eta sentitutakoak bildu ditu agerkari katalanak.
Emakume gehienak Bartzelonako Sant Andreu de Palomar auzoko proiektuetan ezagutu zituen, eta beste batzuk OkCupid aplikazioaren bitartez, euren joera politikoa erakusten zutenei match emanda.
Agerkari katalanak zortzi emakumeren testigantzak jaso ditu. Harreman desberdina mantendu zuen haiekin, bai intentsitate bai iraupen aldetik, baina errepikatzen diren jokabideak identifikatu dituzte: atsegina izatea, etengabe aritzea maite-jolasetan, gatazkak saihestea, hurbileko pertsonenganako interesa, mimetizatzeko gaitasuna, aldizkako harremanak izatea, mugikorra maiz itzalita izatea eta iraganari eta lanbideari buruzko datu gutxi ematea, besteak beste.
Pixkana-pixkana herri mugimendu ugaritan parte hartzen hasi zen agente infiltratua, indarkeria patriarkalaren aurkako gida bat lantzea xede zuen La Cinétika zentro sozialeko lan-taldean, Sant Andreuko Koordinadora Antierrepresiboan, mugimendu zapatistaren aldeko ekintzetan edota CGT sindikatuan adibidez. “Etengabe ari zen harreman-lotura berriak sortzen”, dio Directak elkarrizketatutako emakumeetako batek. Begirada atzera botata, poliziarekin harremana izan zuten emakumeek gauza asko ulertu dituzte: iraganeko argazkirik apenas erakustea, familiari buruzko aipamen gutxi, etxebizitzako dekorazio-elementu bakarrak “modu berezian ordenatutako” pegatina politikoak izatea… Iris ezizenarekin kazetariei kontatu die pertsona batek Mallorcan –poliziaren sorterrian– lagunak dituela, eta inork ere ez zuela Dani izeneko mutil hori ezagutzen.
Nabarmendu gabe, baina bazter guztietan
Satorrak ez zuen ekintza politikoetan buru-belarri parte hartzen, ez zuen interes berezia agertzen, baina bazter guztietan zegoen, emakumeek diotenez. Aldiz, auzoko ekintzaileen gaineko informazio pertsonala arretaz jarraitzen zuen. Gau-giroan, maiz kontsumitzen zituen alkohola eta bestelako drogak, pilulak edo MDMA –“sekula ez zuen esnifatzen”, dio emakumeetako batek–. “Ez dakit non lortzen zituen, baina tarteka mundu guztia gonbidatzen zuen”, kontatu du beste neska batek, “irudipena dut berak sekula ere ez zuela kontrola galtzen, sarri etxera joaten zen biharamunean lan egin behar zuenaren eta lepo mozkortuta zegoenaren aitzakiarekin”.
Bortxatu zaituena Espainiako polizia denean
Egia jakiteak gogor kolpatu ditu Directak elkarrizketatutako emakumeak, eta haietako batzuek kasua publikoki salatzea erabaki dute. “Polizia jantziarekin agertzen den argazkia ikustean sekulako amorrua sentitu nuen, hitz erdirik ere ezin nuen esan”, azaldu du Beak. Egunak eman ditu bere logelan sartu gabe, poliziarekin pasatako tarteak buruan. “Ez du irabazi”, dio ordea.
Txell-ek gaineratu du elkar babesteak asko laguntzen duela: “Publikoki salatzea modu bat da indarkeria instituzionalaren kontra borroka egiteko”. Evak harrituta dio: “Etsaiak zure ohean egin du lo. Nik ez dut deliturik egin, eta hala ere nire intimitatea eta nire osotasun fisiko eta morala bortxatu dituzte”.
“Sistema miserable hau aldatu nahi izateagatik zelatatu egiten baldin bagaituzte, zein gizarte mota ari gara erikitzen?”, galdetu du Irisek.
Rut-ek dio erru-sentipena azaleratu denean, bere buruari esan diola: “Entrenatutako pertsonak dira”. Eta Joanak gehitu: “Ezagutzen zenuen pertsona hori gezurra zela ohartzean dolu-prozesua hasten da, baina zaurgarritasun, tristura eta erru-sentipenaren ostean amorrua dator. Ikustea zein erraz sartu den gure espazioetan, etxeetan, oheetan… Erreparaziorik ez dago dakizunean polizia nazional batek bortxatu zaituela”.
Emakumeak “objektu bezala” tratatzea “makinaria heteropatriarkal” baten parte dela salatu du Irisek. Eta Txell-ek gehitu: “Jakin nahiko nuke erabakiak non hartu ziren eta zein den helburu politikoa. Gainera, Estatuak bere estrategia planifikatu du cis gizon baten pribilegioak baliatuta".
Emakumeetako batzuek adierazi dute ekintza legalak abiatzea pentsatzen ari direla, erantzukizunak zuritu eta horrelakoak berriro ez gertatzeko.