LoverDose izena jarri diote eta maiatzaren 19, 20 eta 21ean iraganen da Baionan. Hitzaldiak, tailerrak, performantziak zein kontzertuak, eskaintza zabala proposatu dute, bide ezberdinetatik heltzeko gaiari. Izen-ematea apirilaren 30ean irekiko dute.
Intimoa politikoa dela oroitarazirik, maiatzaren 19, 20 eta 21ean Baionan iraganen den LoverDose festibalaren nondik-norakoak aurkeztu ditu PAF! elkarte feministak: maitasun erromantikoaz, harreman afektiboez, desirez, sexualitateez, heteroarauaz eta maitasunez hausnartzeko hiru eguneko topaketa antolatzen ibili dira azken urte honetan. Ondokoa zehaztu dute asteazkenean egindako aurkezpen-prentsaurrekoan: "Argitara ekarri nahi ditugu usu intimitatearen xokoan eta hausnarketa kolektibotik at egon ohi diren gai horiek. Ahalik eta jende gehien bildu nahi dugu, maitasunak har ditzakeen forma anitzak ikusarazi, maitasun erromantikoak jendartean hartzen duen leku zentrala zalantzan eman eta harreman afektiboak sortzeko manera ezberdinak argitara ekarri, horrek norbanakoengan eta kolektiboan dituen ondorioak aztertuz".
Hiru egunetan bide eta ertz ezberdinetatik begiratuko diote gaiari. Demagun, maiatzaren 20ko goizeko mahai inguruan, ikuspegi intersekzionaletik aztertuko dute sistemak beharrezko duen bikote harremana: Bikotea sistema heteropatriarkalean: nola eta zendako uztartzen dira menpekotasun-harreman ezberdinak?. Hizlari egonen dira Euskal Herritik Mari Luz Esteban antropologoa, eta Frantziatik Céline Bessière soziologoa, Christelle Murhula kazetaria eta Elisa Rojas abokatua –guztiek daramate beraiena ikuspegi feministatik–. Gogoeta horri segida emanen diote arratsalde bukaeran, Zein dira alternatibak gure harreman afektiboentzat bikote heteronormatibotik at? mahai inguruarekin. Bertan egonen dira Irantzu Varela kazetaria, Rachele Borghi unibertsitaria eta Tal Madesta kazetaria –hiruak dira aktibista transfeministak–. Itzulpena bermatua izanen da euskarara zein frantsesera.
Formatu ttipiagoan gogoetatzeko eta trukatzeko aukera ere izanen da. Hain zuzen, tailerren bidez, osagai zehatzago batzuei begiratuko diete: Belaunaldi-arteko topaketa: hitz egin dezagun maitasunaz adin guzietakoen artean (frantsesez); Maitasuna eta afektua disidentzia ezgaitutik eraikitzen (euskaraz); Gazteen arteko tailerra: harremanei eta sexualitateari buruzko estereotipoen deseraikitzea (euskaraz eta frantsesez); Hariak, jostorratzak eta zauriak helduentzako ipuinak (euskaraz); Maitasuna eta autonomia (frantsesez); (Ez)-amatasunak (euskaraz); Gozatu nahi dut! (frantsesez); Bikotea: irrikak, arauak edo desertzioak (frantsesez); Afektuen iraultza. Polimaitasunaren haritik tiraka (euskaraz); eta Polimaitasuna eta maitasun utopiak, normatik at maitatu gaitezen (frantsesez).
Bide andana proposatu nahi izan dituzte, eta hori, ahal bezainbat jenderengana iristeko xedez: performantziak, bertsolariak, argazki erakusketak, parranda, stand-up umorezko bakarrizketak… Egitarau osoa ondoko loturan dago zehazturik: paf-feminista.com/Programme-Programa. Festibala prezio librean –eta aukeran, kitorik– proposatzeko hautua egin izana ere aurkeztu dute prentsaurrekoan: "Ahal bezain bat jenderengana iritsi nahi dugu, horretaz gogoetatzeko beharra eta gogoa badelako, horregatik nahi izan dugu prezio librean jarri, hausnarketa eskuragarri izateko".
Espazio publikoan feminismotik eragiteko xedez, festibala ez da leku bakarrean izanen; alderantziz, Baionako leku ezberdinak hartzeko hautua egin dute: elkarte feministen lokalak, gaztetxea, bestelako egituren egoitzak, peñak, eta beste.