argia.eus
INPRIMATU
‘Harmony of the seas’: sekulako kutsadura sortzen duen itsasontzia Bartzelonan
  • ‘Harmony of the Seas’ luxuzko trasatlantikoa Bartzelonara ailegatuko da ekainean. Bere bi motorrek 52.000 litro erregai irensten dute orduro; 1.250.000 litro egunean.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 26a

“Erregaia irensten duen munstroa”. Horrela definitu du Amigos de la Tierra elkarteak itsasontzia, eta eraiki duen enpresaren “inkoherentzia” salatu du.

Konpainia horrek konpromisoa hartu zuen sustantzia kutsakorren emisioa jaisteko; aitzitik, AEBetako 77.000 etxeetan gastatzen den energia baino gehiago kontsumitzen duen barkua egin du.

Europar Batasuneko lege baten arabera, itsasontziek sufre gutxiko erregaia erre behar dute portuetan geldi daudenean. Hori horrela izan da ere, adituek adierazi dute autoen diesela baino 100 aldiz gehiago kutsatzen dutela itsasontzi horiek.

Barku horiek igortzen dituzten partikulak oso txikiak dira, eta erraztasunez ailegatzen dira odolera. Sustantzia horiek eragin ditzakete alergiak, gaixotasun kardiobaskularrak eta baita minbizia ere. Eragina, gainera, ez da portuaren ingurura mugatzen; haizeak eta baldintza meteorologikoen ondorioz, kutsadura hiritik 400.000 kilometroraino ere zabal daiteke.

Harmony of the Seas: 10 pisu, 23 igerileku, 20 jatetxe, kasinoa, 1.400 pertsonentzako antzokia, 12.000 espezieko parkea, ospitalea, ziegak eta beilatokia. 9.000 pertsona ekarriko ditu Bartzelonara, eta sekulako inpaktu ekonomikoa eragingo omen du hirian. Baina, irabazi ekonomikoak herritarron osasunen gainetik jartzen duen turismo eredua nahi al dugu?