argia.eus
INPRIMATU
Harearen pisua
Josu Jimenez Maia 2025eko martxoaren 16a

Harea-erloju baten bidez irudikatu ohi da denboraren joana. Ospatu berri dugu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak 49 urte bete dituela iragan den otsailaren 27an. Urte hauetan guztietan, harearen pisuak ez du oraino estali Saharako populuaren askatasun-nahia eta justiziaren aldarrikapena.

Harea-erlojuaren hondar aleek ezin izan dute estali duela mende erdiko Espainiaren abandonua eta traizioa, Madrilgo paktuak sinatu zirelarik, nazioarteko legediei muzin eta justiziari iskin eginda, Saharako Herriaren nahimenari erreparatu gabe eta harreman historikoak ahazturik.

Mendebaldeko Saharatik bortxaz egotziak, Tindouf-eko errefuxiatuen kanpamentuetan ezarri eta basamortuaren basamortuan, Hamadan, sahararrak kapazak izan dira estatu bat eraikitzeko, gorabeherak gorabehera.

Saharako estatua populuaren parte hartze zuzenarekin eraiki da eta Saharako Kabiak elkartetik, Bubisher proiektuarekin bat eginik, lagundu dugu eraikitzen: egun, errefuxiatu kanpamentu bakoitzean bibliobus eta liburutegi bat dago martxan, Saharako liburutegi sare nazionala osatzen dutelarik, betiere kontuan hartuz basamortuko liburutegi horietan, Saharako Kabia horietan, Saharako Herriak berak duela erabakimena eta protagonismoa; guri dagokiguna, gure engaiamendua biderkatzea eta laguntzari eustea, are gehiago gerra egoeran.

Saharako Errepublikako Arabiar Demokratikoak duen etsairik handiena ez da Maroko, munduaren isiltasun ozena baizik

Harea-ekaitz anitz Hamadan, baino askoz arriskutsuagoak dira Marokoren droneak. Marokoko Almassaa hedabidearen arabera, Turkiako Baykar enpresak gerrarako droneen mantentze-lanak egiteko filial bat ezarri du Marokon. Era berean, Marokok akordio bat sinatu berri du Elbit Systems talde israeldarrarekin, ATMOS 2000 modeloko 36 artilleria-pieza autopropultsatu Marokoren Armada are gehiago hornitzeko, La Tribune Frantziako egunkariak jakinarazi duenez. Military Africa aldizkariaren arabera, otsailean Marokora heldu berri dira AEBetatik AH-64E Apatxe Guardian Block III gerra-helikoptero berriaren lehen hiru aleak; laster, gehiago ekarriko dituzte. Eta ez dezagun ahantzi: Espainiako Estatuak ere armak saltzen dizkio Marokori, asko Euskal Herrian bertan eginak.

Guk berriz, Bubisherren kabiak diren liburutegietara liburuak bidaltzen ditugu, kamishibai motako ipuinak, eskola-materialak, liburuzainen lan-sariak ordaindu eta trebakuntza eskaini. Areago, gure hurrengo proiektua, liburutegietan baratzeak sortzea ere bada.

Agerikoa da, beraz, gabeziak gabezia, SEAD errealitate bizia dela. Bada garaia Espainiako gobernuburu Pedro Sánchezen bide okerra zuzentzeko eta onartzeko SEADen errealitate ukaezina, ia mende erdia bete duena. Izan ere, izenez sozialistak diren Espainiako agintariak Marokoko erregimen ustel eta diktatorialarekin bat eginda ikustea ahalkegarria da guztiz.

Harea-mugikorretan dabil geopolitika; Ukrainako gerraren irudiek bete dituzte telebistaren pantailak, Gazako sarraskiak saminez bete bihotzak, eta Sahara, aldiz, harea desinformatiboak estalia gelditu da. Izan ere, Saharako Errepublikako Arabiar Demokratikoak duen etsairik handiena ez da Maroko, munduaren isiltasun ozena baizik.

Josu Jimenez Maia, Saharako Kabiak-en izenean