argia.eus
INPRIMATU
Haranburu konfiantza faltagatik kargugabetu zuela berretsi du Mendozak
  • Haranburuk kargurako gaitasuna baduela aitortu du Jose Luis Mendoza Nafarroako hezkuntza sailburuak, baina ETAkoa izateagatik zigortu zutela jakitean sailaren konfiantza galdu zuela.

ARGIA @argia 2015eko urriaren 15
Jose Luis Mendoza, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburua. Arg.: EITB). Jose Luis Mendoza, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailburua. Arg.: EITB).

Horixe da Mendozak Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdien jarraipen batzordeari adierazi ziona. EH Bilduk eskatuta, ostegun goizean bildu zen batzordea Imanol Haranbururen auzia aztertzeko. Haranburu hilaren 9an izendatu zuten Nafarroako Hizkuntza Eskoletako Bulegoko buru eta, UPNk eta Espainiako prentsa eskuindarrak etakide izana leporatuta espetxean izan zela jakinarazi ondoren, egun horretan bertan izendapena atzera bota zuen Hezkuntza Sailak.

Jarraipen batzordean adostutakoaren arabera, gisa honetako karguak aurrerantzean meritu eta gaitasun lehiaketa baten bidez hautatuko dira. Haranbururi orain kendu zaion kargua izango da era honetan hautatuko den lehena.