argia.eus
INPRIMATU
Haramburu ‘Xistor’ presondegitik atera da, 30 urteren buruan
  • Hogeita hamar urte eta zortzi hilabete pasa ditu preso senpertarrak.Esku-muturreko elektronikoa eraman beharko du ondoko hemezortzi hilabeteetan.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 24a
@euskalirratiak

Argazkia zabaldu berri da sare sozialetan: Frederic Haramburu 'Xistor' presondegitik atera da azaroaren 24 goiz honetan, hogeita hamar urte preso pasaturik. Lanamesako kartzelatik atera da, eta senideen artean da jada.

Kartzelatik kanpo izanda ere, baldintza gogorrak bete beharko ditu ondoko zortzi urteetan. Adibidez, esku-muturreko elektronikoa eraman beharko du behintzat hemezortzi hilabetez.

Paristik ikuspegi aldaketa?

"Sinetsi nahi dugu, erabaki honek, 2011tik Euskal Herrian abiatua den bake prozesuarekiko ikuspegiaren aldaketa adierazten duela", irakur daiteke Parisen gatazkaz hitz egiteko elkarrizketan dabilen ordezkaritzak bidali agirian. Ohartarazten duenaz, lehen aldia da Justizia Ministroaren iritziaren aurka eginez, baldintzapeko askatasunari Parisko Dei Auzitegiak baiezkoa ematen diola.

"Berradiskidetzea" helburu harturik, "gatazkaren ondorioei maila guztietan konponbidea ekarriko dien urratsen alde lan egiten" segituko duela argi uzten du ordezkaritzak.

30 urte preso daramaten 'Xistor' Haramburu, Jakes Esnal eta Ion Parot presoak aske uzteko herritar mobilizazioan zentraturik da Bake Bidea azken hilabeteetan. Esnal eta Paroten askapena eskatzen da ordezkaritzak bidalitako agirian. Azken ekintza giza, pareta bat eraiki zuten irailaren 19an Baionako suprefeturan, Frantziako Gobernuaren jarrera salatzeko:

 

1990eko apirilean atxilotu zuten Haranburu, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta.