Duela urte gutxi arte ohikoa izaten zen herri bakoitzak bere hiltegia edukitzea. Azken hamarkadetan, baina, toki gehienetan desagertu egin dira hiltegi txiki horiek. Etxarri-Aranatz salbuespenetako bat izan da, baina azken urteetan gunea berritzeko eta eskaintza zabaltzeko beharra sumatu dute. “Altxorra izan arren, aktibitate geroz eta gutxiago zuen hiltegiak, eta berritzeko beharra zuen. Horretarako eta eraldaketa gunea martxan jartzeko prozesua jarri genuen abian 2018an”, azaldu du Nerea Viana Zugadik, Sakanako Garapen Agentziako elikadura arduradunak. Urteotako lanketaren ondoren, martxan da honezkero hiltegi txiki berritua eta zatitze gunea.
Sakanako abeltzainen eskaerari erantzunez abiatu zuten prozesua duela bost bat urte. “Tokiko elikaduraren mesedetara, eraldaketarako azpiegituren beharra zegoen sektorean: obradore txikiak, hiltegiak eta bestelakoak”. Abeltzainen eskaerekin bat eginez, garapen agentzian ere lehen sektorea bultzatzeko estrategiak lantzen ari ziren, eta hiltegiaren eskakizunari erantzun bat emateko beharra ikusi zuten. “Abeltzaintza estentsiboak pisu handia du Sakanan, batez ere ardiei eta ganadu txikiari lotutakoak. Eta, alor horretan, haragi ekoizpenean hutsunea zegoen”, dio.
Izan ere, hiltegia martxan egon da urte guztiotan, baina sakrifizioa soilik egiten zuten bertan. “Ezin zuten zatitu, ontziratu, eraldatu… zerbitzu murritzak zituen, eta hobekuntzak behar zituen”. 2022an, Kalaska kooperatiba sortu zuten abeltzainen eta tokiko entitateen artean, hiltegiaren eta eraiki duten zatitze gune kolektiboaren kudeaketa bere gain hartzeko. “Azaroan hasi gara zatitze gela erabiltzen; momentuz, proba moduan ari gara bazkideekin lanean, haien txekorrak eta arkumeak eraldatzen”, argitu du Leire Ganboa de Miguel kooperatibako dinamizatzaileak. Otsailetik aurrera, zerbitzua ireki eginen dute, eta beraz, eskualdeko abeltzainek ez dute zertan Iruñera joan behar izanen haragia zatitzera.
Bost ekoizpenetako bederatzi abeltzain dira, momentuz, kooperatibako bazkide. Hiltegiko hiru langileek egiten dituzte zatiketa lanak, baina bazkideen kasuan, haiek egin dezakete zatiketa bertako azpiegiturak erabilita. “Kostuak jaisteko aukera ematen du horrek, baina baita prozesu osoaren gaineko kontrola edukitzekoa ere, burujabetza handiagoa”, azaldu du Vianak. Otsailetik aurrera, gainera, "triperia" edo garbiketa gela ere jarriko dute martxan. “Hankak eta tripak garbitzeko gunea izanen da, hemen oraindik baloratua den produktua baita”, gehitu du Ganboak.
Sakanako abeltzain estentsibo eta txikiak bultzatzeko egitasmo garrantzitsuak dira Etxarri-Aranazko gunea eta Kalaska kooperatiba. Belaunaldi berriei bidea erraztea ere bada bultzatzaileen asmoa. “Sakanan bizi eta lan egiteko, eraldatzeko azpiegituratik harago, Kalaska bailararen eraldaketarako proiektu bat izatea nahi dugu. Tokikoa, abeltzaintza estentsiboa eta giza mailako etxalde txikiak bultzatuko dituena”.