Urte berria hasi denetik lau egun besterik ez dira pasa, baina dagoeneko Erresuma Batuko ehun enpresa handienetako nagusiek irabazi dute, batez beste, herrialdeko langileen urte osoko soldata adina. Egoera salatzeko "handikien eguna" izendatu dute ostegun hau.
Bi ikerketa-zentrok eman dute datua –High Pay Centre eta Chartered Institute of Personnel and Developement (CIPD)– eta izen deigarria jarri diote nagusien irabaziek langileen soldata osoaren langa gainditu duten ostegun honi: “Fat Cat Thursday” (“Handikien osteguna” itzuliko litzateke euskaraz).
L’Express astekari frantziarrak argitaratu duen AFPren informazioaren arabera, Londresko burtsako FTSE-100 indizean kotizatzen duten ehun enpresetako zuzendari nagusiek ostegun honetarako poltsikoratu dituzte 28.758 libera esterlina (32.328 euro), hau da, egun osoko lanpostua daukan langile britainiar batek batez beste 2017 osoan irabazi zuena adina.
Argitaratutako datuen arabera, Erresuma Batuko enpresa handietako zuzendarien soldatak 120 aldiz handiagoak dira langile arruntenak baino.
“Gogoeta egin behar dugu agintariek nola eta zergatik irabazten duten horrenbeste, kontuan hartuz errendimendu-adierazle orekatuagoak eta ez bakarrik finantza-adierazleak”, adierazi du CIPDko zuzendari Peter Cheesek.
Erresuma Batuko Gobernuak abian du erreforma bat, zeinari esker enpresa handiek publiko egin beharko dituzten langile guztien soldata-taulak. Neurri hori, datozen hilabeteetan parlamentu britainiarrean eztabaidatua izango dena, ontzat jo dute txostena landu duten bi zentroek.