argia.eus
INPRIMATU
‘Handia’-ren gaua Goya sarietan: hamar sari lortu ditu
  • Handia filmak Espainiako zine akademiaren Goya sarietan 13 izendapen zeuzkan eta 10 sari lortu ditu. Euskal zinemarentzat gau historikoa izan dela esan daiteke, sariotan aurrekaririk ez baitauka Jon Garaño eta Aitor Arregiren filmak lortu duenak.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 05
Eneko Sagardoy Goya saria eskuetan duela.

Eneko Sagardoyk aktore berri onenaren saria irabazi du, Migel Joakin Eleizegi "Altzoko Handia"-ren larruan sartuta jokatu duen pertsonaiagatik. "Ulertu gabeko identitateei eta gorputz arraroei" eskaini die saria emozioz beterik zegoen Sagardoyk.

Hasiera besterik ez da izan: Moriarti faktoriaren filmean lan egin duen Saioa Larak jantzi onenei dagokien saria irabazi du, baita Laurent Dufrechek eta Raul Lopezek ere, muntaia onenari dagokiona.

Iñaki Diez eta Xanti Salvadorrek ez dute hainbesteko zortea izan, izan ere, soinu onenaren Goya saria Veronica filmeak lortu du. Hala ere, film horren soinuaren arduradunen artean beste euskaldun bat dago, Aitor Berenguer bilbotarra. Bera izan da larunbat gauean saritu duten laugarren euskal herritarra.

Handia-ren sari zaparrada ez da eten, nolanahi: Ander Sistiagak ekoizpen zuzendaritza onenaren saria irabazi du eta gaueko bosgarren saria Mikel Serranoren bidez lortu du Handia-k: zuzendaritza artistiko onenarena.

Filmaren seigarren saria Javier Agirre Erausok jaso du, Handia-ren argazki zuzendaritzagatik. Zazpigarrena makillaje onenaren saria izan da: Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Aguirrek jaso dute. 

Jon Garaño eta Aitor Arregiren filmak efektu berezi onenei dagokien saria ere lortu du, gaueko zortzigarrena, Jon Serrano eta David Herasek jaso dutena.

Gauak aurrera egin ahala, sari nagusietan sartu da gala: gidoi original onenaren saria ere Handia-ren eskuetara joan da. Aitor Arregik, Jon Garañok, Andoni de Carlosek eta Joxe Mari Goenagak idatzi dute filma oinarri duen testua. 

Euskal filmak eskuratu du musika original onenaren saria ere, Pascal Gaigneren konposizioei esker iritsi da palmareseko hamargarrena. Gaignek gogora ekarri du nola Moriarti ekoiztetxeko kideak film laburrak egiten hasi zirenean elkarren ondoan zeuden lokaletan lan egiten zuten.

Sari nagusietako bik ihes egin diote Handia-ri ordea: zuzendari onenarena irabazteko hautagaien artean zeuden Jon Garaño eta Aitor Arregi, baina Isabel Coixetek jaso du saria La librería filmarengatik. Film berak irabazi du pelikula onenaren saria ere, Handia hamar sarirekin utziz.

Nur eta herensugearen tenplua filmak ezin izan du Goya saririk eskuratu. Juanba Berasategik hil aurretik zuzendu zuen azken pelikulak izendapena zeukan animaziozko film luze onenaren sarirako, baina Tadeo Jones 2 filmari eman diote golardoa.