Astebete baino gehiago pasa dute Hanburgoko herritarrek salbuespen egoeran. Rote Flora Zentro Sozial Okupatua defendatzeko protesten ostean poliziek hiria hartu zuten. Orain, bertan behera utzi dute hiriko parte gehienetan, baina komisaldegietatik gertu dauden hiru zonaldetan mantendu dute, nazioarteko hedabideek diotenez.
Hiru gune horiek ere "askatzeko" exijitu dute herri mugimenduko eragileek, eta bitartean mobilizatzen jarraituko dutela iragarri dute, "errepresioa" eta "kontrol soziala" gelditu arte.
Urtarrilaren 4ean ezarri zituzten salbuespen neurriak. Ondorioz, legalki poliziak edozein identifika eta atxilotu zezakeen kalean, delitu zantzurik gabe, “pertsona arriskutsuak kontrolatzeko”. Era berean, 20:00etatik aurrera etxetik ez ateratzeko “gomendatu” zieten herritarrei.
Gizarte mugimenduetako kideen arabera, "larria" da salbuespen egoeraren emaitza: 990 lagun identifikatu eta 72 atxilotu dituztela kalkulatzen dute.
Argazki galeria osatu du Benjamin Laufer argazkilariak gatazkaren irudiekin. Besteak beste, protestak, eta salbuespen gunearen imajinak bildu ditu.
Irudietan, Hanburgoko erresistentziaren sinbolo berria ageri da: Komuneko eskuila. Izan ere, telebista kate batean azaldu zen nola atxilotu zuen poliziak eskutan komuneko eskuila zeukan gazte bat, "gaizkilea" izan zitekeelakoan. Horregatik, objektuarekin ironia ariketa egin, eta manifestazio guztietara ateratzen dute. Bideoan, eskuila zeraman pertsonaren atxiloketa ikus daiteke, baita tresnaren zabalpena ere.