Ehundaka polizia agente gerturatu dira asteazkenean, irailak 5, Kolonia eta Akisgranen (Alemania) artean dagoen Hambacheko hariztira. Basoa hustu asmoz martxan jarritako operazio polizialari aurre egiten ari dira hainbat ekintzaile, eremua defendatzeko helburuarekin okupatuta baitago hariztia 2012 urtetik. Urtero egiten dituzte zuhaitz mozketak Hambacheko basoan, baina aurtengo planak okupatutako baso eremuaren gehiengoan esku-hartzea aurreikusten du.
Arnsberg (Alemania) barrutiko gobernuak Hambacheko meategiko plan operatibo nagusia onartu izanak alarmak piztu zituen ekintzaile ekologisten artean, planak ahalbidetu egiten baitio RWE enpresari urritik aurrera zuhaitz mozketa gehiago egitea. Honek, bertako biztanleek ohartarazi bezala, basoaren zati zaharrenak suntsitzea eta zuhaitzetako etxeetatik jende asko kaleratzea eragingo luke.
Abuztuaren 13a orduko idatzi bat egin zuten publiko Hambacheko basoko bizikideek. Bertan, urrian hasiko den inausketa denboraldia baino lehen eremua husteko ahaleginak egingo ziren susmoa agertzen zuten. Bi aste eskasen bueltan, abuztuaren 28an, poliziak bortizki hustu zuen belardiko kanpamendua, eraikin ugari suntsituz bidean eta hamabost pertsona atxilotuz. Biharamunean, abuztuaren 29an, manifestazioa egin zuten. Ez da astebete pasa eremua hustu asmoz polizia itzuli den arte.
Beraiena merkaturatzeko errekurtso naturalak lurretik ateratzearen kontra egitera bakarrik mugatzen ez den borroka dela adierazi dute Hambacheko basoko bizikideek, “alternatiba positiboago bat eraikitzea” ere bilatzen baitute eremuaren okupazioaren bitartez. Horretan dihardute orain bost urtetik hona, hamarkadetan zehar jendea basoaren suntsiketaren aurka agertu bada ere, 2012an eman baitzen eremua okupatzera pausua. Ordutik, zuhaitzetan eraikitako etxeetan bizi da jendea. Hambacheko basoan pertsonen arteko erlazioak “elkartasunak, komunitateak eta jasangarritasunak” zuzentzen dituen bizimoduari ematen diote balioa. Basoaren defentsa, baina, bertako egunerokotasunean presente dagoen zerbait da.
Lignito edo ikatz arrea ateratzeko lur azaleko hiru meategi daude Hambachen, eta bertatik ustiatzen duena erreta argindarra sortzen du RWE enpresak. Meategia etengabe ari dira hedatzen, eta dagoeneko basoaren hiru laurden jan dituela kalkulatzen da. Alemaniako basorik zaharrenetarikoa denaren milaka urtetako eboluzioa epe motzean suntsitzen ari dira.
Basoaren suntsipenaren bitartez mundu osoa kaltetzen dela ohartarazten dute ekintzaileek. Izan ere, Hambacheko hiru meategiek eta Rhenaniako bost zentral elektrikoek, Alemaniako karbono dioxidoaren herena isurtzen dute. Berotegi-efektua eragiten duen gasa izanik, mundu osoko klima aldaketan daukan eragina kontuan hartzekoa da.
Iazko zuhaitz mozketa deboraldiaren ataritan ere egin zuten basoa defendatzeko deialdia Hambacheko bizikideek. Hemen deialdi haren bideoa: