argia.eus
INPRIMATU
Hamasei kazetari kurdu espetxera igorri dituzte, Turkiaren operazio militar baten berri emateagatik
  • Ekainaren 8an hogei kazetari kurdu atxilotu zituzten Ipar Kurdistango Amed hirian. Asteburuan kontzentrazioa egin dute Amed eta Istanbulgo zenbait kazetarik, beren lankideak aska ditzatela exijitzeko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko ekainaren 20a
Atxilotutako kazetarietako batzuk.

MedyaNews gunean irakur daitekeenez, Turkiako hedabide nagusiek diote kazetari kurdu hauek atxilotu dituztela Turkia egitekoa zen aire eraso baten berri emateagatik. Egotzi diete PKK jakinarazi zutela, Amedeko aireportutik guda hegazkinak aireratu zirela informatuz. Turkia airez erasotzen ari da Iraken menpeko Kurdistango gune ugari.

Ekainaren 16an, Turkiako epaitegiek 21 kazetari hauetatik 16 espetxera igorri zituzten, epaiketa egin bitartean. Hauek dira kazetari horiek: Abdurrahman Öncü, Aziz Oruç, Elif Üngür, Ibrahim Koyuncu, Lezgin Akdeniz, Mazlum Dogan Güler, Mehmet Ali Ertas, Mehmet Sahin, Nese Toprak, Ömer Çelik, Ramazan Geciken, Remziye Temel, Safiye Alagas, Serdar Altan, Suat Doguhan eta Zeynel Abidin Bulut.

Espetxeratu dituzten hamasei kazetariak.

Espetxera igorria izan aurretik, Firat Kazetarien Elkarteko buru Serdar Altan-ek adierazi du agintariak beren aurkako frogak fabrikatzen saiatzen ari direla. "Beste 80 egunez espetxean mantentzen bagaituzue ere, ez duzue kazetaritza-lana besterik aurkituko. Izan ere, gu kazetariak gara. Ez dugu gure kazetaritza lanetik kanpoko ezer egin, ez dugu krimenik egin. Aska gaitzazue berehala".

Kontzentrazioa egin dute asteburuan kazetari hauek aske uzteko eskatuz, MedyaNews-en irakur daitekeenez.

Kontzentrazioa Ameden. (Argazkia: MedyaNews)