Israelen hedapen planaren aurrean, erasoa geldiarazteko Hamasek “erresistentzia armatuari ekitea” eskatu dio Al-Fatah Palestinaren Askapenerako Mugimenduari.
Libanoko Al-Mayadeen telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, Mahmud al-Zahar Hamaseko arduradun eta sortzaileetako batek “erresistentzia armatua abiarazteko” eskatu dio Palestinaren Askapenerako Mugimenduari (Al-Fatah), Israelek Zisjordaniako zatiak bereganatzeko hartutako erabakiaren aurrean.
Al-Zaharren arabera, erresistentzia armatua "biderik onena" izan da Gazako Zerrenda setiatuan sionistei aurre egiteko. Estrategia hori Israelen hedapena geldiarazteko Zisjordanian ere ezarri egin behar da, Hamasen arabera. "Guk Palestina askatzeko benetako plana izan behar dugu mahai gainean. Printzipio berrietan oinarritutako plana”, aitortu dute.
Hamasen beste sortzaileetako batek, halaber, Israelen okupazioaren inguruan duten jarrera argitzeko eskatu die Zisjordaniako agintari palestinarrei, eta 1993an Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE) eta Tel Aviveko erregimenak Washingtonen sinatutako Osloko akordioak “bertan behera uzteko” deia luzatu die.
Okupatutako mugen barruan zein kanpoan, “Palestinar guztien arteko batasuna” beharrezkotzat jo dute lurralde palestinarrak Israelen okupaziotik askatzeko. Horren harira, Gazako Erresistentzia Islamikoko mugimendua Al-Fatah-rekin "jarrera bateratua" lortzeko prest dagoela azpimarratu du. Yibril Rajub Al-Fatahren idazkari nagusiak ere, Saleh al-Aruri Hamaseko Bulego Politikoaren buruzagiarekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, bi mugimenduek "batzeko konpromisoa" hartu dute, Zisjordaniaren anexioa eta Israelen eta AEBen arteko "konspirazioak" zapuzteko.
Hainbat herrialdek eta erakundek, azken horien artean israeldarrek ere, sionisten planak izan ditzakeen “ondorio larriak” ohartarazi dituzte. Mundu osoan protestak piztu dira anexioa geldiaraztea eskatzeko.
Uztailaren 1ean Bilboko Areatzan, Gasteizko Andramari Zurian eta Ordiziako plaza nagusian. “Israeli boikot”, “anexioari ez” eta “Palestina bizirik” leloekin, kontzentrazioak egin ziren mugimendu internazionalistak antolatuta.