argia.eus
INPRIMATU
Hamasek suziriak bota ditu Tel Aviven aurka, sei hilabetetan lehen aldiz
  • Sirenak entzun dira Tel Aviv eta Israelgo beste hiri batzuetan. Sionisten aire defentsarako sistemak jaurtigai gehienak geldiarazi ditu, baina zauritu bat izan da gutxienez, Israelgo iturrien arabera. Armada sionistak Rafah bonbardatzen jarraitu du Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren ondoren.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 27a

Igandean sirena hotsak entzun dira Tel Aviv eta Israel erdialdean, Hamasek Rafahtik jaurtitako suziriez ohartarazteko. Hamasek Telegram kanal baten bidez jakinarazi du bere Qassam Brigadak egin duela erasoa, eta Israelgo iturriek baieztatu dute. “Sionistek egindako zibilen aurkako sarraskiari” erantzunez egin du erasoa milizia palestinarrak. 228 eguneko oldarraldiaren ondoren, eta armada sionista Rafah bonbardatzen eta lurretik erasotzen ari den bitartean, Hamasek frogatu du oraindik indar operatiboa duela hirian.

Imran Khan Al Jazeerako editoreak dioenez, ez zen espero Hamasek gaitasun hori izaterik, sionistek aldarrikatu izan dutelako Hamasen gaitasunak suntsitu dituztela. Khanen esanetan, sirenak entzun direnean, Libanotik Hezbollahk egindako eraso bati egotzi diote arriskua. “Israelgo Armadaren porrot” gisa ikusiko da suziriak jaurti izana, kazetariaren ustez, eta eragina izan dezake asteartean berriz hastekoak omen diren negoziaketetan.

“Eraso handia” egin izana aldarrikatu du Hamasek. Israelgo Gobernuko iturriek adierazi dute palestinarrek zortzi suziri jaurti dituztela Israel erdialdean, baina gehienak geldiaraztea lortu dutela. Tokiko hedabide israeldarren arabera, 30 lekutan entzun dira sirenak erasoen berri ematen. Al Jazeeraren esanetan, arin zauritu dira hainbat pertsona, eta kalte material ugari eragin dituzte suziriek. Israelgo iturri ofizialek zauritu bakarra aitortu dute, babeslekura korrika zihoan herritarra, baina ez omen dago larri zauritua.

Akiva Eldar Israelgo analista politikoak esan du azken eraso horren ostean Benjamin Netanyahu lehen ministroak “biktimaren papera” hartuko duela. Nazioarteko Justizia Auzitegiak Rafahtik ateratzeko emandako aginduari aurre egiteko argudioak emango dizkiola ere aurreratu du, lehenagotik espero bazen ere ez entzunarena egitea. Ostiralean heldu zen NJAren agindua, eta Rafahn erasoak egiten jarraitu dute sionistek. Baita Gazako beste zonalde askotan ere, bereziki iparraldean. Larunbatetik iganderako 24 orduetan gutxienez 80 palestinar hil ditu Israelgo Armadak. Hala ere, Israelgo segurtasun kontseiluko kide ohi batek Al Jazeerari aitortu dio Hamas suntsitzeko lana “uste baino zailagoa” izaten ari dela. Urriaren 7tik 635 soldadu israeldar hil dira, erresistentzia palestinarrarekin izandako borroketan edo soldadu sionistek nahi gabe hilda.

Hamasen erasotik ordu batzuetara, igandetik astelehenerako goizaldean, Israelek errefuxiatuentzako eremu bat bonbardatu du Rafahn, eta hamarnaka palestinar hil ditu.