argia.eus
INPRIMATU
Hamasek onartu du estatu palestinar bat sortzea 1967ko mugekin
  • Hamas erakunde palestinarrak lau urteko eztabaidaren ondoren aldaketa nabarmenak egin dizkio hamarkadetan defendatu duen diskurtsoari.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 02a
Hamaseko soldaduak. Hamaseko soldaduak.

1988ko sortze agiriari egin dizkion aldaketak astelehenean aurkeztu ditu Dohan. Horien artean dago, esaterako, estatu palestinarra 1967ko mugekin sortzea. Esan du muga horiekin estatu palestinarra sortzea “kontsentsu nazionaleko formula” dela, baina ohartarazi du hori aldi baterako irtenbidea dela, “Palestina osoaren askapena ez den alternatiba oro” baztertzen baitu.

1988an ez bezala, azpimarratu du gatazka “proiektu sionistarekin” daukala, eta ez “juduekin haien erlijioarengatik”. Hala, ez du aitortu Israelgo Estatuak existitzeko eskubiderik duenik.

Beste hainbat berrikuntza ere adierazi ditu; borroka armatuari buruz adierazi du “erresistentziaren bihotzean” dagoela eta “aukera estrategikoa” dela, baina “erresistentziarako moduak eta metodoak zabaltzeko eskubidea” adierazi du. Bestalde, Anaia Musulmanengandik aldendu da, eta beste herrialdeen aferetan sartzeari uko egin dio; esan du arabiarren artean eta ummah-en —islamaren lurraldea— “hegemonia ezartzeko asmoen kontra” dagoela.

Hamasek proposamen politiko berria aurkeztu du Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko burua eta Donald Trumpen arteko bilera baino bi egun lehenago. Israelek, berriz, muzin egin dio adierazpenari, eta esan du “ke lainoa besterik ez” dela, eta Hamas baliabide guztiak prestatzen ari dela “Israel suntsitzeko gerrarako eta Gazako haurrak Israelen aurka hezteko”.