Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Israelek eta Hamasek su-etena sinatu zutenetik hiru aste bete direla, azken honek iragarri du behin behinean atzeratu duela larunbatean bi aldeak egitekoak ziren bahitu israeldarren eta preso palestinarren arteko trukea: orain arte bost egin dituzte, eta horietan talde palestinarrak 21 gatibu askatu ditu eta Israelek 730 preso palestinar utzi ditu aske.
Hamasen adar armatuak, Al-Qassam Brigadek, astelehenean argitaratutako komunikatu batean salatu duenez, trukea bertan behera uzteko arrazoia Israelek meniaren hainbat baldintza urratzea izan da: besteak beste, lekualdatutako palestinarrak Gaza iparraldera adostutako epean baino beranduago itzultzea edota zerrendaren hainbat eremu bonbardatzen eta erasotzen jarraitzea.
Preso trukeetan itzulitako preso palestinarren osasun egoerak ere baldintzatu du Hamasen erabakia: Al-Qassam Brigaden bozeramaileak jakitera eman du Gazara itzulitako atxilotu askoren egoera "tamalgarria" dela. Israelgo Gobernuak ere salaketa bera egin du gatibu israeldarren inguruan, asteburuan egin zen trukean itzulitako hiru bahituak "oso ahul" zeudela adierazi baitzuen Israelgo presidente Isaac Herzogek.
Alarmak aktibatuta
Hamasen erabaki honek kolokan jarri du Israelekin adostutako su-etena, eta horren aurrean Tel Aviven protestak piztu dira Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren aurka. Meniaren baldintzak betetzea exijitu diote manifestariek; horien artean gehienak dira oraindik Gazan bahituta jarraitzen duten israeldarren familiakoak.
"Preso trukea egin ezean, Gaza infernua bihurtzeko aukera asko daude", adierazi du Donald Trump AEBetako presidenteak Hamasek iragarritako erabakiaren aurrean. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, berriz, Gazako Zerrendaren kanpoaldean dauden herrialdeko tropei "alerta maila altuan" egotea agindu die.