Ralph Yarl gaztea bere anaiaren bila joan zen eta okerreko txirrina jo zuen. Etxe horretako gizonak, atea irekitzean, ezer esan gabe buruan tiro egin zion.
Hamasei urteko gazte afroamerikar bati tiro egin dio 85 urteko gizon batek Kansas Cityn (Missouri, AEB). Ralph Yarl izeneko mutila anaia gaztearen bila joan zen ostegunean, The Guardian-ek jakitera eman duenez, eta, nahastuta beste etxe bateko txirrina jo zuen. Etxe horretako gizonak atea irekitzean, hitzik esan gabe, buruan tiro egin zion. Gaztea lurrera erori zen, eta jaiki eta ihes egiten hastean, berriz egin zion tiro.
Gaztearen familiak eta abokatuak salatu dute tiro egin zion Andrew Lesterrek bere etxean igaro zuela gaua Poliziaren galdeketaren ondoren. Kansas Cityko poliziaburuak argudiatu du Missouriko legearen arabera pertsona bat 24 orduz baino ezin daitekeela eduki atxilo, formalki akusatu edo aske deklaratu aurretik.
Gertakaria salatzeko ehunka manifestari elkartu ziren Lesterren etxearen kanpoaldean. Yarlen izebak hitz egin zuen protesten ostean, eta salatu zuen ilobak bi tiroak jaso ondoren hiru etxeetara jo zuela, lagundu zioten arte.
Gaztea, zauri larriekin, baina egonkor dago. Garezurra hautsita du, garunean lesio traumatiko bat eta besoetan hainbat lesio.