Hilabetero bezala, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak abenduko eskubideen urraketak, zoriontzeak eta lorpenak bildu ditu. Urraketak dira gehienak, enpresa pribatuetatik zein erakunde publikoetatik etorriak: besteak beste, osasun zentroetan euskara zerbitzurik ez bermatzea edota EAEko eta Nafarroako administrazio publikoak informazioa gaztelania hutsean helaraztea.
Besteak beste, herritarrek Behatokiari helarazi diote Tolosako Asunción klinikan ez dela euskarazko osasun arreta behar bezala bermatzen; Barakaldoko San Bizente osasun zentroan “si no me hablas en castellano, no te voy a atender” erantzun diotela erabiltzaile bati; Gasteizko Boulevard merkataritza-guneko sare sozialetatik ia mezu guztiak gaztelania hutsean zabaltzen direla; edota Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Nafarroa Arenan, taberna eta segurtasun-zerbitzuetan ezin zela euskarazko arretarik jaso.
Bestalde, EAEko hezkuntza sailburuordeak eskainitako bilera informatiboa gaztelania hutsean izan zela salatu dute; edota Nafarroan Gizarte Segurantzak euskara ofiziala den herrietara ere gutunak gaztelania hutsean bidali dituela.
Behatokiak jaso ditu, halaber, herritarren esker onak zenbait enpresari, euskaraz zerbitzua emateagatik: hala nola, Iztueta esnekiei, bere eslogana euskaraz ezartzeagatik; edota Doneztebeko Santa Maria jatetxeari, euskaraz artatzeagatik.
Zubilan enpresa publikoak gaztelania hutsean egindako lan deialdia zuzentzea lortu dute abenduan, gainera.