argia.eus
INPRIMATU
Hamas eta Al Fatah Palestinan batasun gobernu bat eratzearen alde agertu dira
  • Hamas eta Al Fatah akordio batera iritsi dira Palestinan batasun gobernu bat sortzeko. Bertan erbestean dauden palestinarrak eta Palestinako Jihad Islamikoa barneratuko lirateke.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 19a
Palestinako hainbat ordezkariren bilera Moskun. (Arg.: aljazeera.com)

Bi alderdien arteko akordioa Moskun egindako hiru eguneko bileraren ostean iritsi da. Bi erakundeek Batzorde Nazional bat eratuko dute, erbestean dauden palestinarrak kontuan izanda. Hauteskundeak egingo dituztela aurreratu dute, Al Jazeerak zabaldu duenez.

 Bi aldeetako ordezkariek erakundeen adiskidetze prozesuaren alde Qatarren eginiko batzarraren ondoren egin zen bilera Errusian. Al Fatah-ko kide Azzam al-Ahmadek azaldu du “egun baldintzak inoiz baino hobeak” direla. Akordioak Jihad Islamikoa ere barneratuko du, denbora luzez akordioetatik kanpo egon ostean.

Hamas eta Al Fatahren arteko liskarra 2007an hasi zen urtebete lehenago Hamasek hauteskundeak irabazi ostean. Bi aldeen arteko borrokak Zisjordania eta Gazaren arteko banaketa administratiboa eragin zuen eta lehen aldiz hauteskunde batzuen atzerapena 2016an.

Moskun bi aldeak Errusiako Kanpo ministro Serguéi Lavrovekin ere bildu ziren eta eskatu zioten AEBtako presidente berria izango den Donald Trump konbentzitu dezala estatubatuarrek Israelen duten enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera mugi ez dezan.