argia.eus
INPRIMATU
Telefonicako grebalariek BBVAren bulego bat okupatu dute Bartzelonan, akziodun nagusia
  • Bartzelonako Rambletan dagoen BBVAren bulego bat okupatu dute Telefonicako dozenaka langilek. 74 egun daramatzate greban eta banku hori telefono konpainiako akziodun nagusia da.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko ekainaren 11
BBVAren bulegoa Bartzelonako Ramblen erdian dago. (Arg: Enric CatalĂ , La Directa)

"Telefonicaren akziodun nagusia presionatzeko modua da, konpainiarekin benetako negoziazioa lor dezagun", adierazi du greba batzordeko kide Javier Marcok La Directa hedabide independente kataluniarrean jaso dutenez. Beste herri mugimenduetako kideen babesarekin egin dute ekintza, baita CUPek Bartzelonako Udalerako duen ordezkariarekin ere.

Denda itxi arte bertan egoteko asmoa dutela adierazi dute, edo bestela, beren aldarrikapenak jasotzeaz arduratuko den bankuko ordezkari bat joan arte.

Espainiako Estatuan Telefonicarentzat lanean ari diren 15.000 kontrata, azpikontrata eta autonomoek nahikoa dela esan dute. Bi hilabetetik gora daramatzate greba mugagabean, azken urteotako langileen gatazkarik indartsuenetakoan. Lana ehunka azpikontrataren bidez egiteak dakarren atomizazioari aurre egin, eta ehunka enpresa txikiotako langileak eta autonomoak batu egin dira. Espainiako enpresarik boteretsuenetakoari erronka jo behar izan diote.

Informazio gehiago:

Movistar greban kanalean jarraipena egiten ari gara langile borroka honi.

"Esklabotza egoeran gaude, horregatik greba". Greban dagoen langile batekin elkarrizketa.