argia.eus
INPRIMATU
Baionako Adierazpenak gatazkaren konponketaren alde egindako “ekarpen handia” azpimarratu du Bake Bideak, hamargarren urteurrenean
  • Iritzi ezberdinetako aktore politiko eta sindikalak "kontsentsu batera iristeko" ariketa egin izana eta "Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duen ardura" agerian ezarri izana dira Bake Bideak azpimarratzen dituen ekarpenak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urriaren 25

Agiri bidez txalotu egin du orain duela hamar urte Baionako Adierazpenak ekarritakoa: "Adierazpen hark ekarpen handia egin dio bake prozesuari, Aieteko bide orriari erantzunez eta zilegitasuna emanez. Eragile sozial eta politikoek, baita Euskal Herriko instituzioek ere elkarren artean eztabaidatzea eta gatazkaren konponbidean kontsentsuak aurkitzea zirelako adierazpenaren xedea".

2014ko urriaren 24an agiri bat izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko kasik sentsibilitate politiko guzietako ordezkariek, Aieteko Adierazpenari sustengua adierazteko eta dokumentu horrek dakartzan urratsen alde lan egiteko konpromisoa adierazteko. Ondokoa irakurri daiteke duela hamar urte aurkezturiko idatzian: "Gure nahia bidean den prozesuari ekarpen baikor baten egitea da, elkarbizitzaren alde neurrien hartzeko egiazko aukeren argitara ekartzea eta bake iraunkor baten oinarri sendoen abiatzea Euskal Herri osoan".

Iritzi politiko ugaritako hautetsi eta eragileen arteko kontsentsua lortu izana azpimarratzen du Bake Bideak bere agirian: "Inoiz egin gabeko eztabaida eta ariketa batean sartu ziren, Euskal Herrian bake iraunkor batentzat agenda politiko bat eraikiz".

Horrez gain, Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zuen ardura agerian ezartzen zuen Baionako Adierazpenak eta Euskal Herriko jendartearen eta Frantziako Gobernuaren artean "zinezko indar-harreman bat" ekarri izana ohartarazten du Bake Bideak. Herritarren inplikazioa ere azpimarratzen du agirian: "Ipar Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak bere egin duen adierazpenak permititu zion gizarte zibilari, bere tokia atzematea, eta gatazkaren konponbidearen bultzatzaile eta eragile izatea, bide berriak asmatuz". Dela ETAren armagabetzea, preso politikoen auzia zein Frantziako Justizia ministroaren eta lekuko hautetsien artean osaturiko elkarrizketa mahaia, ideia hori mamitzeko hainbat adibide ematen ditu Bake Bideak bere agirian.

Ondoko politikariek izenpetu zuten Baionako Adierazpena: Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza (UDI zentrista); Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapeza eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakari ordea (PS Alderdi Sozialista); Max Brisson, Kontseilu Orokorreko kidea eta Miarritzeko hautetsia (UMP eskuina); Frédérique Espagnac, senataria (PS Alderdi Sozialista); Jean-Jacques Lasserre, senataria eta Kontseilu Orokorreko kidea (Modem zentrista); Jean Lissar (EELV ekologistak); Marc Oxibar (UMP eskuina); Xabi Larralde (Sortu); Jakes Bortayrou (Abertzaleen Batasuna) eta CFDT sindikatuko idazkari nagusi Michel Larralde.