argia.eus
INPRIMATU
Hamar urteko espetxe zigorra ezarri dio kazetari japoniar bati Myanmarreko erregimen militarrak
  • Toru Kubota uztailean atxilotu zuten, Myanmarko bi herritarrekin batera, Yangonen, erregimen militarraren aurkako protesta batean argazkiak eta bideoak atera ostean.

Axier Lopez @axierL 2022ko urriaren 11
Toru Kubotaren aske utz dezaten eskatzeko uztailaren 31n egin zuten elkarretaratzea, Tokioko Kanpo Arazoetako Ministerioaren aurrean. Argazkia: Getty Images

Myanmarko auzitegi militar batek 10 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Toru Kubota dokumentalista japoniarrari, bi kargu egotzita. Manifestari talde baten argazkiak eta bideoak ateratzen ari zela atxilotu zuen, eta, ondoren, Associated Pressek jakitera eman zuenez, Poliziari aitortu zion protestan parte hartu zutenekin harremanetan jarri zela egun bat lehenago, grabazioak egin ahal izateko.

26 urteko kazetariari bi espetxe-zigor ezarri dizkiote asteazkenean. Bat, zazpi urtekoa, telekomunikazioei buruzko lege bat urratzeagatik, eta hiru urteko beste bat, “sedizioagatik, armadaren aurkako disidentzia sustatzeagatik, Japoniako Kanpo Arazoetako Ministerioko funtzionario batek, kazetariaren abokatuaren hitzetan oinarrituta, jakinarazi duenez. Bi espetxe-zigorrak aldi berean beteko dira, eta, beraz, gehienez zazpi urte bete beharko lituzke. Epai judizialaren xehetasunak ez dira oso argiak, epaiaren berri ateak itxita eta Kubotaren abokatua bertan izan gabe eman zutelako. Kubotak, gainera, oraindik beste kausa bat irekita dauka, Myanmarko migrazio-legeak urratu izana egozten baitiote.

Armadak neurri zorrotzak hartu ditu prentsaren aurka. Hamabi komunikabide ixtera behartu eta gutxienez 142 kazetari atxilotu ditu; horietako 57 atxilotuta daude oraindik. Toru Kubota da Myanmarren atxilotu dute bosgarren kazetari atzerritarra; AEBetako Nathan Maung eta Danny Fenster, Robert Bociaga poloniarra eta Yuki Kitazumi japoniarraren ostean. Espetxean izan ostean, laurak askatu eta deportatuak izan ziren.

Kubotak sarera igo duen lan-sortaren arabera, bere lanaren helburu nagusia gatazka etnikoen, migratzaileen eta errefuxiatuen egoeraren berri ematea da. Japoniako Yahoo! News, Vice eta Al Jazeera English hedabideentzat egin du lan, eta Myanmarren bertan hainbat kazetaritza lan egin du, tartean zapaldutako gutxiengo rohingyari buruzko Light up Rohingya dokumentala.

"Protestak grabatzea ez da krimena"

Amnesty International-ek (AI) adierazi du Myanmar munduko kazetarien espetxeratzaile nagusiena izateko “ospea sendotzen" ari dela. "Gaur egun oso arriskutsua da kazetari izatea Myanmarren, non agintari militarrek sarri zapaltzen duten informazio-askatasunerako eta komunikabideen askatasunerako eskubidea. Iazko estatu kolpean boterea hartu zutenetik, komunikabideak debekatu dituzte eta kazetariak atxilotu, jipoitu, sexualki eraso egin eta, areago, hil ere egin dituzte”, adierazi du AIren zonaldeko kanpainen zuzendari Ming Yu Hah-k. Japoniako Gobernuak eta Giza Eskubideen aldeko zenbait taldek gaitzetsi dute Kubotaren aurkako epaia.

2021eko otsailetik Myanmar –Birmania ohia– junta militar batek zuzentzen du, militarrek estatu-kolpea jo ondoren. Ordutik, eskubide zibil eta politikoen murrizketen salaketak etengabeak izan dira. “Agintariei desafio egitera ausartzen diren pertsona guztien aurkako jazarpenerako tresna da heriotza-zigorra”, adierazi izan du AIk. Horren adibide, uztailean lau pertsona exekutatu zituzten, terrorismoa eta Gobernuko junta militarrari aurre egiteko miliziei lagundu izana egotzita.