argia.eus
INPRIMATU
Hamar urte ondoren jasotako uztari errepasoa
  • Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak hamargarren urtez antolatuko du urriaren 7an euskara eta lan mundua uztartzen duen mintegia. Termometroa jarriko diote alor sozioekonomikoa euskalduntzeko prozesuari.

ARGIA @argia 2015eko irailaren 25
30+10 mintegiak 10. edizioa egingo du urriaren 7an. Argazkia: IMH.

Horretarako hainbat eragilek euren iritzia emango du. Besteak beste ondokoak izango dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako ordezkari bat, DanobatGroup, Kontseilua, Laneki, Gaindegia eta IMH bera.

Hezkuntzaren eta lan munduaren artean zubi lana egiten duen ikasgarai garrantzitsuak tokia izango du beste behin, eta horrela, Lanbide Heziketako Lantokiko prestakuntzan euskararen erabilera sustatzeko Gehitu proiektuaren 3. fasea azalduko dute. Ikasleen gehiengoak eskolan euskaraz ikasi eta lantokietan praktikak egiterakoan euskarari eusteko moduak bilatzen eta aurkitzen ari dira Gehituren bidez.

Ondoren, enpresak, elkarteak eta aholkulariak garatzen ari diren praktika onak ezagutzeko parada izango da.

IMHren 30+10 mintegiaren antolatzaileak dira: IMH bera, HPS, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala, AHIZE-AEK hizkuntza aholkularitza eta Laneki.

Egitarau zehatza hemen.