argia.eus
INPRIMATU
Hamar urte, hamaika pausu

Ignacio Arakistain Agirre 2021eko urriaren 27a

Gatazken biharamuna ez da izaten erosoa, ahaztu nahi izaten dugu ahal bezain pronto gertatukoa, azalean aurkitzen ditugun zauriak itsusiak zaizkigu eta azkar moztu gura dugu odol jarioa. Ekinean ez denez batere erraza gelditzea, hausnarketari lekua egitea, amnesia moduko bat bizitzen du gizakiak bere izatea gogorki zalantzan jartzen duen liskarra eteten denean. Biolentziarik gabeko azken hamar urteek erakutsi digute bai, herri honek pedagogian pausuak eman behar dituela, belaunaldi berriei erakutsi behar zaiela fase hura amaitu izana garrantzitsua dela baina are inportanteagoa dela errepikatu ez dadin elkarbizitzari zutabe sendoak jartzea, elkar entzutea eta biktimei merezi duten errekonozimendu eta erreparazioa eskaintzea.

Guztiok gogoan dugun 2011ko urri hartan gertatutakoak oroitzeko ekitaldi ugari antolatu dira egunotan. Ulertu nahi gara, ikuskerak elkarbanatu eta hori aberatsa izateaz gain, osasuntsua da berreraikitze bidean den gizarte honentzat. Eskatu izan zaio ezker abertzaleari autokritika, izan zenarekiko errefusa, justiziari bidea erraztea eta biolentzia taxuz gaitzestea. Irudipena dut ordea, zenbaiten eskaera eta benetako desira, ez direla inoiz izan bat, espazio politiko baten ordezkarien zilegitasun demokratikoa ez onartzeak, beraien espazio propioa zabaltzea dakarrelako, espazio horrekiko mespretxua. Hortxe dago atzo Aieten ezker abertzaleko buruzagiek helarazitako mezuaren gakoa. Joku politikoan aktore baliagarria izan dadin gizarteak eta gainontzeko espektro politikoak ezker abertzaleari jarritako baldintzak ari da berau, neurrian eta motel izanda ere, betetzen. Oraindik bide luzerik badute ibiltzeko baina atzokoan beren iragana deuseztatu zuten, defenditu izan zutena inoiz ez zela gertatu behar izan aitortuz. Bada zerbait.

"Ikusiko da zer dakarren etorkizunak eta nola baldintzatzen duen euskal politika hamarkada baten bueltan ezker abertzaleak esandakoak"

Nik pozez hartu nituen adierazpenok, hitzaren bidea zeharkatzeko deia egin baitzaio behin eta berriz ezker abertzaleari. Horretan ari da, biolentziarik gabeko jendarte honetan zeresan handia duen gizartearen zati garrantzitsu bat demokratikoki, instituzioetan defendatzen. Guzti honek izan dezake, eta badu, irakurketa elektoralista; atzokoan alderdi politikoek adierazpenon aurrean izan zuten erreakzioa ikusi besterik ez dago. Hegemonikoa izan den alderdi jeltzaleak tentuz eta mesfidantzaz hartu zuen deklarazioa, beraien boterea hausteko ahalmena izan dezakeen aliantza ezkertiar baten usainak mingostuta. Alderdi sozialista kontent, azken hilabeteetan Madrileko Gobernuaren sostengua izan den ezker abertzalea eboluzioan ari dela ikusita eta Podemos, berriz, etorkizuneko hiruhortzeko horretan itsasgarri izateko desiratzen. Alderdi eskuindarrek ez zieten ezer berririk eskaini prentsaurrekoaren berri ematera gerturatu ziren kazetariei. Inoiz ez da, antza, une egokia beldurraren zuhaitza astinduz zakua botoz betetzen zuten eta egun elkarbizitza sustatu beharrean garai zekenak amestuz dabiltzanentzat orriz aldatzeko.

Ikusiko da zer dakarren etorkizunak eta nola baldintzatzen duen euskal politika hamarkada baten bueltan ezker abertzaleak esandakoak. Dudarik ez izan eragingo duela eztabaida eta zeresana. Bake bidean eta biktimen dolua onartzeko zein gogoan hartzeko emandako pausu oro izango da onuragarria. Ez diezaiogun balorerik kendu bizi izan dugunari, inora eraman ez gaituen krudelkeria horren muinetik, elkar errespetatzeko gizarte honek izan dituen arazo latzetatik ugari ikasi baitezakegu guk zein gure ondorengoek.

Bada bidea. Nahia eta pausoa batzen baditugu, argituko da ostertza.