argia.eus
INPRIMATU
Hamar puntu
  • Bai horixe, hamar puntu merezi izan zituen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Musika Hamabostaldian eskainitako kontzertuarengatik. Egitaraua erakargarria izan zen, oso, baina horrez gain, soinuaren oreka eta interpretazioaren dotoretasuna eta sakontasuna izan ziren ezaugarri nabarmenenak, eta horien erantzuleak taldea eta Pascal Rophé zuzendaria izan ziren, dudarik gabe.

2012ko abuztuaren 22a
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Andra Mari Abesbatzarekin emandako kontzertua amaitzen.

Kontzertua Francisco Escudero konpositoreari omenaldi gisa egin zen, bere jaiotzaren 100. eta heriotzaren 10. urteurrenetan. “Illeta”, egilearen oratorio ezagunenetakoa, Xabier Lizardiren Bihotzean min dut poemaren gainean osatua, saioaren plater nagusia izan zen, baina lehenengo zatian harribitxi pare bat entzun genituen, Escuderorekin nolabait lotuta dauden konpositoreenak.

Paul Dukas Francisco Escuderoren irakaslea izan zen, Parisen, eta haren eragina nabaritzen da zarauztarraren lanetan. Euskadiko Orkestrak Dukasen ”L’apprenti sorcier” (Sorgin-ikaslea) ezaguna detailez interpretatu zuen. Obrak dituen efektu guztiak primeran azpimarratu zituzten eta egurrek lan ederra egin zuten.

Jarraian, XX. mendeko piano kontzertu ederrena (nire ustez) jo zuten. Ravelen “Piano eta orkestrarako sol maiorreko kontzertuak” osagai guztiak ditu entzulea txoratzeko: erritmoa, lirismoa, tinbre nahasketa ederrak, eragin anitzak (euskal folklorea, jazza, giro inpresionista, etab.). Beraz, benetako gozamena da. Horrez gain, Marta Zabaleta piano jole legazpiarra bakarlaria izanik, espero genuen bezala, primerako bertsioa izan genuen. Elkarrizketa ezin ederragoak disfrutatu genituen bakarlari eta orkestraren artean, batez ere “Adagio assai” erdiko mugimenduan. Orkestrak ondo jakin zuen oreka mantentzen pianoarekin, benetan urtu egin ziren momento askotan. Bikain. Zabaletak, Erik Satie-ren “Gymnopédie” bat bota zuen propina gisa, delikatua.

Eta, esan bezala, Escuderoren ”Illeta”-rekin amaitu zen saioa. Primeran aritu ziren interprete guztiak. Andra Mari Abesbatza, sendo eta afinatua; José Manuel Díaz baritonoak ederki egin zuen bere papera, ahots argia erakutsiz; eta Euskadiko Orkestrak mantendu zuen hasieratik erakutsitako maila. Zorionak.

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Pascal Rophé. Andra Mari Abesbatza. Zuzendaria: José Manuel Tife. Bakarlariak: Marta Zabaleta (pianoa), José Manuel Díaz (baritonoa). Egitaraua: Dukas, Ravel eta Escuderoren lanak. Lekua: Kursaal Auditorioa. Data: Abuztuaren 17a.