argia.eus
INPRIMATU
Hamar lagun atxilotu dituzte Donostian Poliziari objektuak jaurtitzeagatik
  • Lau agente zauritu dituzte ostegun gauean egondako istiluetan. Gazteetako bi adingabeak direnez, askatu egin dituzte. Donostiako Aste Nagusiko “ez-jaietan” beste hainbat atxilotu egon dira antzeko ekintzengatik.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko abuztuaren 20a
Donostiako Parte Zaharreko kale bat. Argazkia: Mikel Arrazola. Irekia

Ertzaintzak hamar herritar atxilotu ditu ostegun gauean Donostiako Parte Zaharrean, Poliziari objektuak jaurti eta lau agente zauritu eta gero. Atxilotutako bi gazte 17 urteko adingabeak dira eta aske utzi dituzte; gainerakoek 18 eta 32 urte bitartean dituzte, eta ostiralean zehar geldituko dira Donostiako Guardiako Auzitegiaren esku, Berria hedabideak jakinarazi duenez. 

Hamar gazteei desordena publikoa eragitea egozten diete. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Donostiako Aste Nagusiko “ez-jaietan” koronabirusaren aurkako neurriak betetzen zirela kontrolatzen ari ziren poliziak. Adierazi dutenez, goizaldeko hirurak inguruan, gazteek lekuan zeuden zakarrontzietatik hartu zituzten beirazko botilak, eta etengabe bota zituzten polizia-lerroaren aurka. 

“Ez-jaietako” istiluak

Osasun egoera dela-eta, Donostiako Aste Nagusiko festak bertan behera gelditu dira aurten ere. Halere, “ez-jaien” ospakizunak egin dituzte hainbat herritarrek, eta istilu ugari sortu dira azken egunotan. Asteartean bi gazte atxilotu zituzten Poliziari objektuak jaurtitzeagatik; ostegunean, bost lagun atxilotu zituzten antzeko ekintzengatik.