argia.eus
INPRIMATU
Hamar euskal herritar berriro ikertuko ditu Espainiako Auzitegiak, Jesus Mari Pedrosaren hilketarekin lotuta
  • Dignidad y Justicia elkarteak salaketa jarri du eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Jesus Mari Pedrosaren kasua berriro ireki du, ETAren ustezko buruzagi ohien aurka. Epaileak elkarteari hamar ikerkuntzako fidantza bat ezartzeari uko egin badio ere, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari txosten bat eskatu die.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 14a
Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Maialen Andres, FOKU)

ETAren ustezko buruzagi ohien aurkako ikerketa ireki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Dignidad y Justicia elkarteak ezarritako kereila baten harira, Alejandro Abascal epaileak, Auzitegi Nazionaleko instruktoreak, atzera ireki du Jesus Mari Pedrosa Durangoko PPko zinegotziaren hilketari buruzko ikerketa. 2000ko ekainaren 4an hil zuten identifikatu gabeko ETAko bi kidek.

Hamar euskal herritar ikertuko ditu Auzitegi Nazionala: Iñaki Gracia, Javier Gartzia Gaztelu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Mikel Albisu, Vicente Goikoetxea, Ramon Sagarzazu eta Marixol Iparragirre.

Dignidad y Justicia elkartearen salaketaren arabera, erakunde armatuaren zuzendaritza batzordearen ardura zen erakundearen "estrategia diseinatzea", eta, hortaz, zuzendaritza horrek finkatzen zituen zeregin eta betebeharrak. Elkarteak ere argudiatu du ETAk hainbat herritar bizilekutik indarrez kanporatzeko estrategia bat jarraitzen zuela, eta Pedrosaren hilketa eta jasandako "bortxa eta mehatxuekin" lotuta dagoela.

Epaileak uko egin du elkarteak eskatzen zuen hamar ikertuentzako fidantza bat ezartzeari, baina Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari txosten bat eskatu die, zinegotziaren aurkako ekintzen eta hilketaren testuinguruan "alderdi politiko konstituzionalistetako militanteen aurkako mehatxu eta bortxa ekintzen" inguruan informazioa biltzeko, hain zuzen.