argia.eus
INPRIMATU
Hamar egunetan lanuzteak egingo dituzte Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeek
  • 2021etik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea eskatzen dute. Sindikatuek adierazi dute langileen %65ak bat egin duela grebarekin lehen egunean. Otsailaren 20ra arte mobilizazioak deitu dituzte.

Mattin Azpiroz Pagola 2024ko urtarrilaren 18a
Bilbon asteazkenean egindako manifestazioa. // Argazkia: ELA

Hamar egunetan lanuzteak egingo dituzte EAEko Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute greba, 2021eko abendutik iraungita dagoen lan hitzarmena berritzea aldarrikatzeko. Horrez gain, lan zama arintzea, sektore feminizatu eta prekarizatuak hobetzea, soldata igotzea KPIren arabera eta lanpostuak mantentzea eskatzen dute.

9.000 langile deitu dituzte grebara, eta 130.000 ikasle eta 215 ikastetxetan izango du eragina. Sindikatuek adierazi dutenez, langileen %65ak egin du bat grebarekin lehen egunean. Kristau Eskolen kasuan, langileen %15,11k. Otsailera arte deitu dute hamar eguneko lanuztea, zehazki, urtarrilaren 18, 23, 24 eta 25erako eta otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako.

Asteartean bilkura izan dute sindikatuek eta patronalek. Adostasunik lortu ezean, sindikatuek jakinarazi dute greban jarraituko dutela: “Eusko Jaurlaritzari eta patronalei eskatzen diegu etxeko lanak egin ditzatela, baita gatazka kentzeko proposamenak egiteko ere”. Azpimarratu dute patronalei egindako proposamenak ez direla “nahikoak”, ez duelako bermatzen langileen erosteko ahalmena, lan kargak arintzea eta hobekuntzak jasotzea sektore feminizatuentzat.

Kristau Eskolak adierazi duenez, sindikatuek lanuztearekin jarraituko dute aurrerapen batzuk jaso dituzten arren: “Sindikatuei berriro ere dei egiten zaie negoziazioen alde egiteko, eta ez mobilizazioen alde, horrek oso eragin negatiboa baitu ikasleen hezkuntza eskubidean, eta are zailtasun handiagoa eransten baitio berez zaila den familia kontziliazioari”.

Manifestazioak

Mobilizazio ugari deitu dituzte datozen egunetarako. Asteazkenean abiatu dira EAEko hiru hiriburuetan egindako manifestazioekin. Ostegunean Donostian egingo dute, Aldapeta Maria eskolatik irtenda, eta urtarrilaren 23an Gasteizko Bilbo plazan elkartuko dira. 24an EAEko hiru hiriburuetako kaleak hartuko dituzte: Donostian, Kristau Eskolaren egoitzatik irtenda; Bilbon, Eskolapioak ikastetxetik aterata; eta Gasteizen, San Viator ikastetxetik. Urtarrilaren 25ean Bilbon elkartuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Mobilizazio guztiak 11:30ean izango dira.

Otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20an ere manifestazioak egingo dituzte sindikatuek.