argia.eus
INPRIMATU
Hamar egun pantailarik gabe bizitzeko erronkari heldu diote 1.500 haur eta nerabek
  • Ekimenaren 20. edizioa izango da aurtengoa, eta inoiz baino parte-hartzaile gehiago izango ditu. Maiatzaren 23tik ekainaren 1era pantailari lotutako entretenimenduak alde batera utzi beharko dituzte Ipar Euskal Herriko ikasleek.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 23a
Frantziako Osasun Publikoaren ikerketa baten arabera, 2015ean 6 eta 17 urte bitarteko ikasleek egunean 4 ordu eta 11 minutu ematen zituzten pantailen aurrean, batez beste. (Argazkia: Jessica Lewis)

"Hamar egun pantailarik gabe" ekimenaren 20. edizioan Ipar Euskal Herriko ia 1.500 ikaslek hartuko dute parte. Maiatzaren 23tik ekainaren 1era bitarte pantailari lotutako entretenimendu guztiak alde batera utzi beharko dituzte parte-hartzaileek.

Quebecen (Kanada) sortu zuen ekimena Jacques Brodeur heziketa fisikoko irakasle ohiak, 2003an. Geroztik, munduko hainbat herrialdetako ikastetxetara zabaldu da, eta urtez urte indarra hartu du. Frantziako Estatuan 2018an 4.500 ikaslek hartu zuten parte, eta aurten 55.000 izango direla aurreikusi dute antolatzaileek. Ipar Euskal Herrian, iaz hamasei ikastetxe batu ziren ariketara, eta aurten hemeretzi. Aitzindari izan zen Urruñako San Frantses Xabier ikastetxea, eta aurten ere hasiera ekitaldia egingo dute.

Egunean, lau ordu baino gehiago

Frantziar Osasun Publikoaren agentziak bultzatutako ikerketa batek dioenez, 2015ean 6 eta 17 urte bitarteko ikasleek 4 ordu eta 11 minutu ematen zituzten egunean pantailen aurrean, batez beste. Ekimenaren bitartez pantailekiko menpekotasuna murriztu nahi dute, baita bizimodu osasuntsuagoa bultzatu ere. "Hamar Egunez Pantailak Utzi" elkartearen arabera, ariketak epe luzera bizimodu osasuntsuagoa izaten laguntzen du, besteak beste, aukera ematen duelako jarduera fisiko gehiago egiteko, lo hobeto egiteko, irakurtzeko edota familiako elkarrizketa denborak luzatzeko.

Datozen hamar egunetarako hainbat jarduera antolatu dituzte ohiko pantaila-orduetarako, gehienak arratsalde eta asteburuetarako. Ikasleek eguneroko bat ere beteko dute, eta puntuak biltzeko aukera izango dute.