Hamar kutsatu daude Araban, bi Gipuzkoan, bat Bizkaian eta bi Nafarroan, lehen kutsatuarekin harremanetan egondako pertsona bat. Nafarroako lehen kutsatu hori ospitalean larri badago ere, gainontzekoak etxean daude isolamenduan.
Martxoaren 3ko gauean, 22:30ean, mundu osoan kutsatutakoen kopurua 92.284 kasuetara iritsia zen pandemia bilakatzeko arriskua duen izurriteak. Munduko 60 herrialde baino gehiagotan zehar zabaldu da, eta 3.085 hildako utzi ditu. Euskal Herrira ere heldu da; kutsatu gehienak beste herrialderen baten egonda edo bertako norbaitekin harremana izan dutelako kutsatu dira. Hala ere, Gipuzkoako kutsatu baten jatorria aurkitu nahian dabiltza oraindik.
EAEko agintariek astelehenean zehar Covid-19 birusa hesitzeko neurri gehiago iragarri dituzte. Osakidetzak zenbait ospitaletako kafetegiak itxi ditu, horietan babestutako gaixoak bisitatzeko mugak zorroztu (gaixo bakoitzeko bisitari bat, hau sarreran kontrolatzea...) eta EAEn burutzekoak ziren zenbait biltzar zientifiko ere bertan behera utzi ditu.
Txina, gaixotasunaren sorlekua izanik, kutsatu gehien dituen herrialdea da: 80.000 inguru daude bertan. Bere mugetatik kanpo 7.700etik gora daude, baina Imperial College London unibertsitateko gaixotasun infekziosoetako adituek munduan daude koronabirusaren kasuen bi heren detektatu gabe daudela onetsi dute. Hau da, eritasuna hedatzeko bide berri asko sor daitezkeela.
Kasuek gora egin dute izugarri Txinako mugetatik kanpora, otsailaren 29an inoizko gorakadarik handiena izanez. Momentuz, Txinatik kanpo kutsatu gehien dituzten herrialdeak Hego Korea 3.000 kasu baino gehiagorekin, Japonia 700etik gora eta Italia 850 kasutik gorarekin izan dira. Iraneko kasua aipagarria da, datuen arteko kontraesanak egon baitira. Hildakoen zifra ofiziala 34koa da, baina herrialdeko osasun sistemak 210 hildakotik gora egon direla baieztatu du. Persiako golkoan kutsatuak baieztatu dituen herrialde bakarra da, eta hildako gehien dituen herrialdeen artean dago.
Amerikara ere heldu da. Iparraldean aurkitu dira kasu gehien, Estatu Batuetan eta Kanadan. Hego Amerikako lehenengo kasua Brasilen azaldu da, 61 urteko gizonezko bat izan da lehen kutsatua, Italiatik heldu berria. Ekuadorrera ere hedatu da, lehen positiboa baieztatu berri dute. Hala ere, Hego eta Erdialdeko Amerikan mehatxu nagusia dengea da, historiako izurriterik larriena bizitzen ari baitira orain.
Munduko Osasun Erakundeko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyresusek izurritea pandemia bilakatzeko arriskuan dagoela adierazi dio BBCri. Hala ere, adituek argitu nahi izan dute pandemia bilakatzeak esan nahi duela hedapen handia izan duela, ez duela zerikusirik hilkortasun tasa handiekin.
Hala ere, mundu mailan izua zabaldu da, eta koronabirusak eragin handia izan du ez soilik jendearen osasunean, baita herrialdeetako ekonomian ere. Espainiako Estatuaren kasuan, Ibex 35ak 2011tik izan duen atzerapenik handiena izan du aurreko astean. Asiako burtsek ere joan diren bi urteetako egoerarik baxuena izan du, eta AEBetako Wall Streetek ere %4 baino gehiagoko atzeraldia jasan du.