Udaletako aginte postuetan emakumeen presentzia txikia izanen da hurrengo lau urteetan Hego Euskal Herrian. Hamar alkatetik bi baino ez dira izanen emakumeak.
Eitb.eus-ek argitaratu ditu datuok, infograma batekin batera, Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetarako Estatu Idazkaritzaren Alkateen Errolda aztertuta.
Hauteskundeetako zerrendaburuen artean %32,58 ziren emakumeak, baina kopuru hori jaitsi egin da hauteskundeen ondoren. EAEn udal guztietatik laurden bat gobernatuko dute emakumeek. Eta Nafarroan berriz, kopurua are txikiagoa izanen da: udalen %21,15ean izanen da emakumea alkate.
Berdina gertatu da hiri handien kasuan. EAEko hamar hiri handienetako udaletan, esaterako, bik soilik izanen dute emakumezko alkatea.
Udalen datuek ez dute Hego Euskal Herriko demografiarekin bat egiten, bai Nafarroan eta Baita EAEn populazioaren erdia baino gehiago emakumeak baitira.
Portzentajeek erakusten dutenez, badirudi alderdi politikoek, orokorki, ez dutela udalen osaketan parekotasun eraginkorraren hautua egin. Urrun dago oraindik instituzioetan emakumeen eta gizonezkoen presentzia berdintzeko helmuga.