argia.eus
INPRIMATU
Hamalau eragile politiko-sindikalek eskatu dute presoak euskal espetxeetara ekartzea
  • Euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eskatu diote Espainiako Gobernuari honako hamalau alderdi eta sindikatuek: EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU, ELA, LAB, UGT, CCOO, Steilas, EHNE, ESK, Hiru, Etxalde, CGT eta CNTk.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 11

Etxerat presoen senideen elkartearen ekimenez atera da aurrera proposamena. Joan den otsailean lotu zuten eragileokin urtea amaitu aurretik halako adierazpen bat kaleratzea eta ostiral goiz honetan aurkeztu dute Bilboko Euskalduna Jauregian.

Euskal Herriko ia instituzio gehienen aldetik ehunka aldiz egin den eskaera berretsi dute oraingoan ere, euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzea, iraganeko gatazka logikak gaindituz.

Orain arteko espetxe politikak presoen senitartekoak zigortu ditu eta sinatzaileek uste dute euskal espetxeetara ekarrita, preso eta senitartekoen harremanak erraztuko direla, bereziki guraso-preso eta haien seme-alaben artekoa. EAEri dagokionez, presoak Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetara ekartzea eskatu dute.

Adierazpena Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariari helaraziko zaio, eta baita ere Iñigo Urkullu, María Chivite eta Jean René Etxegarai, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak. Eusko Legebiltzarrari eta EAEko udal guztiei ere bidaliko zaie, egoki baderitzote eskaera onar dezaten.

Etxeraten ondorengo bideoan ikus daiteke agerraldi osoa: