Ostiral arratsaldean deportatu behar zuten, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen sahararraren bidaia ahalbidetu, hegaldia segurua ez zela izango argudiatu zuelako, EFEk jaso duenez. Bilboko Guardia Epaitegiak larunbat goizaldean gaztearen “askatasun-gabezia luzatzea” ukatu zion Loiuko aireportuko Poliziari. Astelehenean Espainiako Polizia Nazionalak deklaratzera deitu du, bere egoera “erregularizatzeko”, EITBk informatu duenez.
Loiun atxikita egon den ekintzaile sahararra eta ostiralean, uztailaren 5ean, arratsaldeko 15:00etan deportatu behar zutena, libre utzi dute, Bilboko Guardiako Epaitegiak hala agindu ondoren. EITBk informatu duenez, hamalau egun Loiuko aireportuan atxikita egon den aktibista Youssef Mahmoudi sahararra da, 23 urte dituena, eta astelehenean Polizia Nazionalak deklaratzera deitu du, bere egoera "erregularizatzeko”. Javier Galparsoro Zehar Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak prentsaurrekoan adierazi du, larunbat goizaldeko 01:45etan, Bilboko Guardia Epaitegiak ukatu egin ziola Loiuko aireportuko Poliziari gaztearen “askatasun-gabezia luzatzea, atzerritarren edozein zentrotan barneratzeko beharra eta Loiuko aireportuko onartu gabekoen gelan egoteko beharra”. Elkarteak nabarmendu du gazte sahararra libre egon arren egoera irregularrean dagoela, eta atxilotzen badute, deportatzeko aukera dagoela.
EFEk informatu duenez, ostiralean Mahmoudi bi agenterekin batera Tangerrera zihoan Air Arabia konpainiako hegazkinera igo zen, baina hegaldiaren komandanteak ez zuen onartu sahararrak bertan bidaiatzea, hegaldia ez zelako "segurua" izango. Horren ondorioz, Poliziak sahararraren atxiloaldia 48 orduz luzatzeko eskatu zuen, eta polizia-iturriek EITBri informatu diotenez, beste deportazio saiakera bat egin behar zuten larunbatean, eta hori gertatu ezean, beste saiakera bat igandean. Gaztearen asilo eskaera ez zuen onartu Espainiako Auzitegi Nazionalak, argudiatuta gaur egun ez dagoela "demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku larririk”, baina gaztea “beldur” zen bere etorkizunaz Marokora deportatzekotan.
Hassana Aaliaren aurrekaria
EITBk elkarrizketa egin die Youssef Mahmoudi eta Hassana Aalia sahararrei. Aalia Mendebaldeko Saharako El Aaiun-eko aktibista sahararra da, Marokoko auzitegi militarrak matxinadagatik biziarteko kartzela-zigorra ezarri zion Gdeim Izik kanpamendu baketsuan parte hartzeagatik, eta gaur egun Donostian bizi da, Pressenzan jasotako elkarrizketan adierazi zuenez. Aalia-k asilo politikoa lortu zuen eta Mahmoudi-ren egoerak berak 2015. urtean bizi zuenari “oroitarazi” diola adierazi du.
Mendebaldeko Saharan okupatuta dauden lurraldeak direla eta, norberaren familia eta herrialdea uzteak suposatzen duena nabarmendu du. Hamalau egun atxikita egon den gazteak eta horren inguruak bere egoera erregularizatzea eta horrela bizitza berregin ahal izatea espero dutela azpimarratu du Hassana Aaliak.
Sira Rego ministroak adierazpena
Espainiako Gazteria eta Haurtzaro ministroa den Sira Regok sare sozialetan mezua zabaldu zuen ostiral arratsaldean, gaztearentzako “behin-behinean Espainiara sartzeko baimena” eskatzeko, “arrazoi humanitarioengatik”. Ostegunean ekintzaile sahararraren egoera salatzeko Bilbon egindako protestetan, Javier Galparsorok ere eskatu zuen sahararra behin-behinean sartzea, “ondoren eskaera sakonago aztertu ahal izateko, eta jasan duen jazarpena egiaztatzen duten txosten guztiak edukitzeko”. Hala ere, Regoren arabera, gazteak “jazarpen-historia sendoa eta egiaztatua du, Mendebaldeko Sahararen defentsan ikasle gisa duen aktibismoa dela eta”.
Ministroak Atzerritarrei buruzko Legearen 25.4 artikulua eta Atzerritartasun Erregelamenduaren 4.2 artikulua aipatu zituen, “ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten atzerritarrei Espainian sartzeko baimena” eman ahal izango zaiela ezartzen dutenak, “baldin eta arrazoi humanitarioak, interes publikoa edo Espainiak hartutako konpromisoak betetzea” tartean badira. Regok Husein Amadour deportatuaren kasua aipatu zuen, Marokora deportatu ondoren hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten saharar aktibistari, AraInfo komunikabideak informatu zuenez.