argia.eus
INPRIMATU
Elgetako Herri Eskola
Hamaiketako osasuntsuak, ikasle guztien eskubide
  • Urteak dira Euskal Herriko txoko askotan eskola-jantokien ereduaren eta bertako elikaduraren bueltan borrokak martxan direla, horren adibide da Gure Platera, Gure Aukera ekimen zabala eta horra batu diren hamaika elkarte. Bazkaria ez da, ordea, eskolan ikasleek egiten duten otordu bakarra: egunero-egunero, hamaiketakoa izaten dute haur eta gaztetxoek, eta Elgetako Herri Eskolako guraso elkarteak, Bergarako Ereindajanekin elkarlanean, arreta berezia jarri nahi izan dio otordu horri. Azarotik, hamaiketako osasuntsuak ikasle guztiei bermatzeko proiektua martxan dute bertan: elikagai ekologikoak eta hurbileko ekoizleenak darabiltzate.

Garazi Zabaleta 2022ko ekainaren 16a
Argazkia: Goiena Telebista.

Goiena Telebistak Elgetako esperientziaren inguruan egindako erreportajean, eskola bera eredu izatearen garrantziaz mintzatu da Ikuska Lizarralde guraso elkarteko kidea: “Guraso elkartean bagenuen lehenagotik zalantza edo kezka gai honen inguruan, eskola desio dugun elikadura motaren eredu izatea nahi dugulako”. Jantokiaren bueltan lanketa egiten ari ziren lehenagotik eskolan, eta horretan ari zirela iritsi zitzaien Ereindajaneko kideen proposamena: zergatik ez hasi hamaiketakoak eraldatzetik? “Haiekin elkarlanean ari gara, eta proiektu honen egunerokotasuneko antolaketan oinarri handi bat dira guretzat”, azaldu du gurasoak.

Egitasmoaren helburuetako bat da lehen sektorea, bertako ekoizpena eta hurbileko kontsumoa bultzatzea, noski, baina ez bakarra. Izan ere, guraso elkartetik konturatu ziren ikasleen artean desberdintasun handiak zeudela hamaiketakoan, eta elikagai osasuntsuak jateko aukera haur guztiei zabaltzea ere bazen haien asmoa. Eta ez hori bakarrik: sortzen den zabor kopurua murriztea ere bai. “Aurrerapauso garrantzitsuetako bat izan da hondakinak murriztea, batez ere plastikoa”, zioen Goiena Telebistan Lizarraldek.

Fruta, ogia eta olio ekologikoa

Elikagai horiexek dira azarotik Elgetako Herri Eskolan ikasleek egiten dituzten hamaiketakoen oinarri. Sasoiaren arabera, fruta aldatzen doa, eta ahal dela, hurbileko ekoizleena erabiltzen dute. “Fruta eta olioa Ereindajanen bidez ekartzen ditugu haien ekoizle saretik, sasoian sasoikoa eta momentuko baliabideen arabera. Ogia, berriz, Iurretako okin batek ekartzen digu”, azaldu du gurasoak. Eskema orokor hori moldagarria da, dena den, eta egun berezietan bertako ekoizleen gazta eta jogurtak ere jarri izan dituzte.

Hobetzeko gauzak egon arren, oro har, proiektuak orain arte izandako ibilbidearekin pozik daude ikasleak, gurasoak eta eskolako langileak. “Oso garrantzitsuak dira horrelako ekimenak, bai eskoletan eta baita eskolaz kanpo, eta ez soilik osasun aldetik begiratuta, ekonomikoki ere bai, herri moduan autonomia irabatzeko”, zioen erreportajean Patxikobaso baserriko Monika Irazolak, eskola hornitzen duen okinak.