argia.eus
INPRIMATU
Hamaikagarren urtez alternatiba eskainiko diote Donostiako Zinemaldiari
  • Irailaren 20tik urriaren 1a bitarte antolatu dute Donostiako Zinemaldi alternatiboa; zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartzeko asmoz. Hiriko hainbat gunetan izango dira emanaldiak. Aurtengo edizioa, gainera, Iñigo Muguruzari omenaldia egiteko baliatuko dute.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko irailaren 16a
Zinemaldi Alternatiboak prestatu duen egitarauaren kartela.

2006an egin zuten lehen aldiz Zinemaldi Alternatiboa, Donostiako Parte Zaharrean. 2010ean berrartu zuten proiektua eta orduz geroztik hainbat gune autogestionatu eta espazioetan eskaini dira dokumentalak, laburmetraiak eta pelikulak: Kortxoenea, Txantxarreka edota Kijera gaztetxeetan, Firestone lantegi berreskuratuan, Itsas Gain Zentro Sozial Okupatuan, Arrano euskara elkartean...

Donostia "zinema plato erraldoi" bilakatu dutela azpimarratu dute antolatzaileek: "kapitala zuzendari eta produktore, hiriko mandazainak kamara-laguntzaile, eta herritarrak figurante huts, otzan eta mutu beti ere". Eredu horren aurrean, eztabaida, kritikotasuna eta begirada propioa eskaini nahi dute Zinemaldi Alternatiboarekin. Horregatik, egitarau oparoa antolatu dute: 

Ostirala, 20. Letaman gaztetxea (Intxaurrondo): Poble Rebel dokumentala, Katalunia disidentearen historia 73tik. Ondoren solasaldia Kataluniako egoeraren berri zuzena duten lagunekin.

Astelehena 23. Kijera gaztetxea (Parte Zaharra): Precaristas, Kanaria Handiko etxebizitzaren egoerari eta Sindicato de Inquilinas de Gran Canariaren antolakuntzari buruzko dokumentala.

Asteartea, 24. Marruma elkartea (Gros): Joxean's Hil Eben eta Ataun Of The Dead filmak. Marruma Kulturalak ekimenaren baitan.

Asteazkena, 25. Marruma elkartea (Gros): Napardeath filma. Marruma Kulturalak ekimenaren baitan.

Osteguna, 26. Kijera gaztetxea (Parte Zaharra): Tot Inclós dokumentala, Turismoaren kalteak eta ondorioak Balear Irletan. Bizilagunekin plataformaren eskutik.

Ostirala, 27. Txantxarreka gaztetxea (Antigua): LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala + Iñigo Muguruzak zuzenduriko NAHIA laburmetraia.

Igandea, 29. Firestone (Añorga): Bide zuzena, ibilbide OKERRAK dokumentala, Gasteizko LGTBQ mugimendua 1993-2018. Ondoren solasaldia zuzendariarekin eta Harroko kideekin.

Urriak 1. Txoko Internazionalista (Egia): Komite Internazionalen eskutik, Yallah Yalla dokumentala, Ondoren solasaldia Cristian Pirovano zuzendari argentinarraren eskutik.

Aurten antolatzaileek omenaldi berezia egin nahi izan diote zendu berri den Iñigo Muguruzari. Irailak 27an Txantxarrekan, Muguruza elkarrizketatua den "LOU, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian" dokumentala eskainiko dute. Aurretik, gainera, Muguruzak berak zuzendutako NAHIA laburmetraia ikusiko dute bertaratutakoek.