argia.eus
INPRIMATU
Hamaika aborigen baino ez daude Australiako Parlamentuan
  • Alderdi ezberdinetakoak dira, eta orain arte egon den aborigen-errepresentaziorik handienetakoa da.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 26a
Hamaika kide natiboetatik bederatzi Australiako Parlamentuaren aurrean. Argazkia: Mike Bowers/The Guardian.

Hamaika dira Australiako Parlamentuan dauden pertsona aborigenak; orain arte egon den indigena kopururik altuenetakoa da, eta horregatik egin dute argazkia Parlamentuaren aurrean, The Guardian-ek informatu duenez. Kontuan hartu beharra dago Australiako Gobernuak parlamentuaz gain senatua ere baduela, eta bi ganberetako kideak batuz gero, aborigenak diren pertsona kopuruak oso txikia izaten jarraitzen duela.

Senatuak 76 kide ditu eta Parlamentuak 151. Beraz, guztira 227 kidetik 11 soilik dira indigenak.

Linda Burney Australiar Indigenen aldeko ministroak adierazi du momentua “historikoa” dela eta “ukitua eta harro” sentitzen dela. Gaineratu du hamaika indigena parlamentuan egotea “apartekoa” dela “guztiak alderdi ezberdinetakoak eta bi ganberetan banatuta” bost urteko eperako. Elkarlanean arituko direla adierazi dute, agenda anbiziotsu bat eskaintzeko asmoarekin.

Australiar politikaren funtzionamendua

Bi ganbera ditu Australiar Gobernuak: goikoa eta behekoa. Australiako Gobernuak hiru sistema ditu: ordezkaritzako demokrazia (herritarrek bozka ematen dute aldiro ordezkari batzuk hautatzeko), monarkia konstituzionala (monarkian oinarrituta dago, errege-erreginari estatu eginkizuna ematen zaio, konstituzio-sistemapean) eta estatu federazioa (nazioak ez du botere osoa, estatuekin partekatzen dute).

Hori horrela izanik, australiar herritarrek parlamentuko kideak nor izango diren bozkatzen dute aldiro eta parlamentuko kideek lehen ministroa aukeratzen dute; Erresuma Batuko erreginak (oraindik ere bera da Australiako erregina formalki) lehen ministroak gomendatutako gobernadore jenerala aukeratzen du; eta gobernadore jeneralak lehen ministroaren gomendioekin ministroak aukeratzen ditu.