Ikerketa mediku baten testuinguruan gertatu da ezbeharra. 81 pazienteri eman diete klorokina; erdiei 450 miligramo eta beste erdiei 600. Azkeneko horien laurdena bihotzeko arazoak izaten hasi da, eta horietatik 11 hil dira. Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak hainbatetan medikamentu honen erabileraren alde egin du.
Koronabirusaren sendagaiaren bila dabiltza adituak, eta klorokina, malaria sendatzeko erabiltzen dena, da aukeretako bat. Marsellako ospitalean emaitza onak eman ostean, munduko beste hainbat lekutan hasi dira frogak egiten. Horietako bat izan da Brasilgoa.
81 pertsonarekin osatutako esperimentua izan da. Erdiei 450 miligramo klokina eman dizkiete egunean birritan bost egunez. Beste erdiei 600 miligramoko dosiak hamar egunez. Esperimentua hasi eta hiru egunera dosi handiena zuten pazienteen artean bihotzeko arazoak zituztenak zeudela antzeman zuten zientzialariek. Seigarren egunean hil ziren hamaika paziente. Horren ondoren froga bertan behera geratu da.
Klorokina soilik ez, azitromizina izeneko antibiotikoa ere eman zieten esperimentuko pazienteei; antibiotiko honek ere bihotzeko arazoak sor ditzake.
Brasilgo zientzia adituek adierazi dute klorokina dosi txikia emandako pertsona kopurua urria dela ondorio medikuak ateratzeko, eta klorokinak funtzionatzen duen ala ez ikusteko froga gehiago egin behar direla.
Txinaren aholkuari jarriki
Martxo hasieran Txinako Gobernuak Covid-19aren gaixoak sendatzeko klorokina erabiltzea gomendatu zuen. 18 eta 65 urte arteko gaixoei egunean 500 miligramoko bi dosi ematea gomendatu zuen. Gobernuaren arabera Wuhanen 285 paziente sendatu zituzten medikamentu horrekin.
Brasilgo esperimentuko kide batek, Marcus Lacerdak,Txinak proposatutako dosia oso altua dela adierazi du, eta horregatik gelditu behar izan dutela esperimentua aurretik. OMEk, bere aldetik, ez du adierazpenik egin klorokinaren baliogarritasunari buruz; baina emaitzak ikusita sendagaia izateko frogak falta direla esan du.
Bestelakoa izan zen Bolsonarok apirilaren 8an emandako mezua: "Mediku, ikerlari eta Estatu buruek esandakoa entzun eta gero, gaixotasuna hasierako fasetik tratatzeko aukera dago". Donald Trump ere klorokinarekin esperimentuak egitearen alde azaldu da.