“Hizkuntza indigenak. Ama Lurra zaintzen” du izenburu liburuak. Ipuinek, poemek, marrazkiek eta kontakizunek osatzen dute lana. Bi helburu ditu, batetik, kooperazio linguistikoak dituen balioak azaltzea, eta bestetik, herri indigenak gurera hurbiltzea.
Ondoko hizkuntzetan ipuin edo kontakizun bana aurkituko dugu: maputxe, guarani, huni kui, kichwa, nasa, q’eqchi’, k’iche’, kaqchikel, mayata’an, nawat eta euskara. Liburuak komunitateetan kultura hitzak dituen esanahiak adierazi nahi ditu. Kontakizun bakoitzean komunitate bakoitzarentzat esanguratsua den hegazti baten marrazkia aurkituko dugu.
Liburua egiteko ideia 2018an garatu zuten Garabide Elkarteak antolatutako Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak Aditu Ikastaroan. Urtero etortzen dira Euskal Herrira hainbat hiztun komunitatetako kideak ikastaroa egitera eta 2018an etorri ziren hogei indigenekin batera hasi ziren garatzen egitasmo hau. Bi helburu ditu liburuak, batetik, kooperazio linguistikoaren balioa azpimarratzea, eta bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak ezagutu ahal izateko.
Egitasmoan Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra, Garabide elkartea eta Donostiako Easo Politeknikoa aritu dira elkarlanean.
Liburua Garabideren webgunean eskura daiteke. Formatu digitala doan da eta fisikoa bost eurotan salduko dute gehi bidalketa gastuak.