Joan den uztailean bake prozesua "desblokeatzeko", Ipar Euskal Herriko komunikazio sareak eten zituzten ehunka herritarrek. Horren harira, abenduan epaitu zituzten lehen bederatziak Akizen, eta otsailaren 2an beste 11 epaituko dituzte Baionan. Bakegileek eta Bake Bideak elkarretaratzea deitu dute datorren epaiketa egunerako.
Pasa den uztailean, Bakegileek eta Bake Bideak deituta 2.000 lagunek Ipar Euskal Herriko komunikazio sareak blokeatu zituzten: trenbidea, aireportua eta A63 autobidea eten zituzten, besteak beste. Horren harira, hogei bakegile epaituko dituzte. Abenduaren 15ean joan ziren Akizeko auzitegira lehenengo bederatziak, eta urtarrilaren 26an ezagutuko dute epaia. Gainontzeko 11ak otsailaren 2an epaituko dituzte Baionan.
Akizeko auzian, SNCF tren konpainiak 168.000 euroko isuna eskatu zuen bakegileentzat, eta Anne Kayannakis prokuradoreak 1.500 eurokoa. Kayannakisek argudiatu zuen bidaiariei kaltea eragin zietela, nahiz eta onartu "zorigaiztoko ondoriorik" ez zutela izan blokeoek.
Defentsako abokatuak absoluzioa eskatu zuen. Bederatzi auzipetuei babesa emateko hautetsi ugarik ohar bateratua atera zuten, eta bertan nabarmendu zuten bakegileen ekimena "aurrez ezaguna zutela tokiko komunikabideek eta lurreko, aireko eta trenbideetako garraiobideek", besteak beste.
Baionako epaiketaren egunerako, otsailak 2, elkarretaratzera deitu dute Bakegileek eta Bake Bideak, 13:00etan auzitegiaren aurrean. Abenduaren 15ean ere 150 bat lagun bildu ziren Akizeko auzitegiaren parean, "desobendientzia ez dela delitua" aldarrikatzeko.