argia.eus
INPRIMATU
Hamahiru pertsonari egin diote eutanasia EAEn eta 34k eskatu dute
  • Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 34 eskaera jaso dituztela Eutanasiaren Legea ekainean indarrean sartu zenetik; hamahiru laguni hiltzeko laguntza medikoa eman diete, eutanasia egin aurretik hil dira zortzi, beste eskakizun bati uko egin diote eta gainerako hamabiak "prozesuaren uneren batean" daude, Osasun Sailak jakinarazi duenez. Osasun arloko 5.000 langilek prestakuntza jaso dute.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 14a
Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen elkarretaratzea, Bilbon. / Argazkia: Ecuador Etxea.

Eutanasiaren Legea martxoan onartu zen Espainiako Kongresuan, eta ekainetik abian dago. Sei hilabete horietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan guztira 34 eskaera jaso dituzte. Halaxe jakinarazi du abenduaren 13an Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko agerraldian. EAEn hamahiru eskatzaileri hiltzeko laguntza medikoa eman diote. Beste zortzi lagun hil egin dira eutanasia egin aurretik, eta hamahiru eutanasia-prozedura egin dituzte: bati ez diote onartu hiltzeko laguntza, eta gainerako hamabiak "prozeduraren une desberdinetan" daude, Osasun Sailaren hitzetan.

Izan ere, eskatzaileek prozesu luzea gainditu behar dute hiltzeko eskubidea gauzatu arte. Besteak beste, birritan eskatu eta onartu behar diete eutanasia. Horixe da legeak izan duen kritika nagusietako bat; honela mintzatu zitzaion ARGIAri Concha Castells medikua eta EAEko Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearen presidentea: “Frogatzeko eskatzen duen sufrimendua handiegia da, eta kanpoan uzten ditu gaixotasun mental kroniko larriak, ezarrita baitago bizitzaren azkentzea azkar eragiten duen edo desgaitasun fisikoa dakarren gaitz batek egon behar duela beti tartean”.

Osasun profesionalen harrera

Sagarduik baieztatu du legeak “harrera positiboa” izan duela profesionalen aldetik. Osasun arloko 5.000 langile inguruk hartu dute parte Osakidetzak antolatutako prestakuntza-saioetan. Bertan informazioa jaso dute hiltzeko laguntza medikoa emateko alderdi teknikoei, etikoei eta juridikoei buruz.

Halaber, erregistro bat sortu dute hiltzeko laguntza emateko kontzientzia-eragozle diren osasun-arloko profesionalena. 188 langile dira egun EAEn, Osakidetzako %1,9. Sagarduiren esanetan, “ez da arazo bat”, kontzientzia-eragozpena dutenen zifra “oso baxua” baita.