Basauriko Bizkotxalde parkean izan zen eraso homofoboa, larunbatetik iganderako gauean: 23 urteko gaztea hamahiru pertsonaren artean bortizki jipoitu zuten, eta konorterik gabe geratu ostean ospitalean bukatu zuen gazteak.
“Marikoi zikina” (“maricón de mierda”) garrasi artean jasan zuen erasoa. Nazka ematen zuela ere esan zioten. Gorputz osoan jaso zituen kolpeak, batez ere buruan. Biktimak salaketa jarri du Ertzaintzan.
Basauriko Udaleko alderdi politiko guztiek salatu dute erasoa eta solidaritatea adierazi diete bai biktimari bai haren ingurukoei, adierazpen bateratuan. “Pertsonen askatasunaren aurkako ekintza hauek guztiz onartezinak dira. Sexu askatasuna funtsezko garaipena da giza eskubideetan aurrera egiteko”.
LGBTI harrotasuna
Urtero lez, LGBTI+ Harrotasunaren Eguna ospatuko da ekainaren 28an, eta hilabete honetan zehar ekitaldi ugari antolatu dira han-hemenka. Horrelako gertaerek islatzen dute oraindik ere beharrezkoa dela sexu askatasuna aldarrikatzea. Arrazakeria eta homofobiazko gorroto-delituak, adibidez, bikoiztu egin dira EAEn 2020an.
Hiruki Larroxako kideekin berriki izandako solasaldian kontatu ziguten moduan, heteroarautik ateratzen denarenganako “indarkeria sinboliko eta estrukturalak hor jarraitzen du, eta ezkondu edo seme-alabak izan ditzakegulako ez du esan nahi LGBTfobia jasaten ez dugunik. Beste forma bat hartu du, baina ardi-larruz estalitako otsoak hor dirau”.