argia.eus
INPRIMATU
Hamahiru lagun hil dituzte errusiarren bonbardaketek Zaporizhiako zentral nuklearretik hurbil
  • Zaporizhiako zentral nuklearretik hogei kilometro eskasetara egin dute bonbardaketa errusiarrek, abuztuaren 9an. Hogei eraikin hondatu dituzte leherketek. Ez da lehen aldia zentral nuklear hori jomugan daukatela bi aldeek.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 11
Zaporizhiako zentral nuklearra.

Gutxienez hamahiru pertsona hil dituzte Errusiak egindako bonbardaketek, eta beste hainbeste zauritu. Ukrainako larrialdietako zerbitzuek adierazi dute hogei eraikin hondatu dituztela errusiarrek. Dnieper ibaiaren inguruan izan dira leherketak, Zaporizhiako zentral nuklearra handik gertu dago, hogei kilometrotara, gutxi gora behera. Horrez gain, abuztuaren 11 honetan zentralaren gunea bonbardatu izana leporatu dio Ukrainari Errusiak.

Ukrainako presidentearen aholkularia den Andrii Jermak adierazi du 80 jaurtigai bota dituztela errusiarrek. Zentral nuklearrak hainbat bonbardaketa jasan ditu azken asteetan eta bertako jabeak ziurtatu du Errusia Krimeara bidaltzen ari dela zentralak ekoizten duen elektrizitatea. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) adierazi du berehalako mehatxu nuklearrik ez dagoela. Baina segurtasun neurriak betetze ezagatik adituak ahal bezain laster bertaratzeko eskaera egin du.

Katastrofe baten mehatxua

Gune hau bonbardatzeak dakar istripu nuklearraren arriskua. Mezu hori zabaldu du berriz ere NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek: "Argiki hitz egin behar dugu: Zaporizhian zein beste edozein zentral nuklearretan gertatu eraso orok izan ditzake ondorio katastrofikoak, tokian toki zein haratago ere. Onartezina da erabat".

Krimeako leherketak, erantzulerik gabe oraingoz

Bonbardaketak egon dira Krimean ere, abuztuaren 9an, Errusiak erabilitako aerodromo militar batean. Ukrainako presidente Volodímir Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podolyakek adierazi du haiek ez dutela zerikusirik izan eraso horrekin. Vladimir Putinek, ordea, Ukraina seinalatu du erantzule gisa, nahiz eta eraso militar horren inpaktua gutxietsi –daukan pisu politikoa txikitzeko–. Bere lurralde gisa kontsideratzen du Errusiak Krimea –2014an izenpetu zuen Errusiak Krimea eta Sebastopol beri lotzeko ituna–. Hori horrela, Ukrainaren erasoa balitz, Moskuk finkaturiko marra gorria zangopilatua litzateke, bere territorioan Mendebaldeko armen bidezko erasorik ez duelako onartzen.

Leherketek kalteak eragin dituzte 60 etxebizitza baino gehiagotan eta hogei bat dendetan. Krimeako mandatariek larrialdi-egoera ezarri dute. Zelenskik ondokoa adierazi zuen, erasoa gertatu eta ordu batzuetara: "Ukrainaren eta Europa askearen aurka Errusiak bideratu gerra hori Krimean hasi zen eta Krimearen askapenarekin bukatuko da".