argia.eus
INPRIMATU
Hamabost hildako Txileko protestetan
  • Ostegunean lehertu ziren protestak, metroko prezioaren igoeraren aurrean. Sebastián Piñeraren gobernuak militarizazioarekin erantzun die herritarren protestei, eta atxilotu, zauritu eta hildakoen kopurua goraka doa. Orain artean, hamabost dira hildakoak.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 22a

Metroko bidaiaren garestitzearekin eztandarazi zuen ostegunean Txileko herritarren haserrea, baina protestak Augusto Pinocheten diktaduraz geroztik herrialdeak duen eredu politiko eta ekonomikoaren kontrakoak bilakatu dira. Piñeraren gobernuak gogor erantzun die protestei, herrialdea militarizatuz; herritarren aurkako jazarpenaren ondorioz, etengabe doa goraka atxilotu, zauritu eta hildako pertsonen kopurua. Ehunka dira egunotan zauritutakoak, eta gutxienez hamabost hildakoak. Txileko Giza Eskubideen Institutu Nazionalak (INDH) emandako azken datuen arabera, 1.420 pertsona atxilotu dituzte —horietatik 181 adin txikikoak —, eta 84 balaz zaurituak. 

INDHk salatu duenez, atxilotu askok torturak eta sexu abusuak jasan dituzte, besteak beste. Hainbat ospitaletan egindako erregistroaren arabera, lesio larriekin ospitaleratu dituzte 22 pertsona.

Hasiera batean Santiago hiriburuan ezarritako salbuespen egoera eta etxeratze-agindua eskualde gehiagotara zabaldu du gobernuak. Ondorioz, Valparaiso, Concepcion, La Serena, Valdivia eta Coquimbo armadaren esku egotera pasa dira.

Metroko bidaiaren prezio igoera ezeztatzen duen lege proiektua ia aho batez onartu zuten Txileko Diputatuen Ganberan, baina gobernuak adierazi du “etsai indartsu baten aurka gerran” dagoela.